Iaz, COVID-19aren izurriak eraginda, Olentzerok eta Mari Domingik ezin izan zituzten umeak agurtu Gabon Egunean. Gaurkoan bai.
Bizar handiaren gainean maskara jantzita agertu da Olentzero, baina azkar ezagutu dute umeek, eta ikusi orduko inguratu dituzte Olentzero eta Mari Domingi gainean zeramatzan traktorea. Maalatik abiatuta kalejiran gurutzatu dituzte herriko kaleak. Ez da ohikoa moduko kalejira izan, laburragoa eta ia geldialdirik gabekoa baizik. Gutunak eskura emateko aukerarik ere ez dute izan umeek, baina horretarako postontziak jarri dituzte aurreko egunetan herriko hiru gunetan: Kalegoen Plazan, Kalebarren plazan eta Aita Agirre Kulturgunean.
Mendarora 17:00etan ailegatu dira Olentzero eta Mari Domingi eta kalejiran zeharkatu herria, baina kalejira osteko montxorra ez egitea eta gozokiak ez banatzea erabaki dute antolatzaileek. Umeek udaletxe aurreko zakura bota beharko dituzte eskutitzak.