Egur Sport enpresak antolatuta, guztira bost txapelketa izan ziren jokoan abenduaren 31n Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zuten herri kirol jaialdian. Horietako bat izan zen Urrezko Aizkolarien Kopako finala, hiru parte hartzailerekin: Hodei Ezpeleta, Jokin Urretabizkia Basozabal eta Julen Gabirondo (berez Xabier Zaldua zen izatekoa). Hodei Ezpeletak jantzi zuen irabazlearen txapela, bere lanak 27 minutu eta 13 segundotan amaituta. Bigarren postuan Jokin Urretabizkaia “Basozabal” donostiarra geratu zen (28 minutu eta 14 segundo) eta hirugarren Julen Gabirondo urnietarra izan zen (30 minutu eta 01 segundo).
Binakako harri-jasotze txapelketako finalari dagokionez, Eiza eta Urra gailendu ziren.
Emakumeen arteko hiru desafio ere jokatu zituzten, hiru modalitatetan: Trontza lehiaketan, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza gailendu ziren, Karmele Gisasola izan zen onena ingude desafioan eta Nerea Sorondok irabazi zuen emakumezkoen aizkorako proba. (argazkiak ataria.eus)