Urtarrilean Ruper Ordorika, Go!azen 8.0 taldea, Arineketan eta Yllana antzerki taldea 'Greenpiss' lanarekin arituko dira; otsailean 'Lehendakari gaia' antzerkia Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagarekin, Jazzbana Ensemble 'Bidai on, Amona Brauli antzerkiarekin eta Zelanda eta Dientes de Lunaren kontzertua.
Hurrengo hilabeteetan arituko diren elgoibartarrak, Niala magoa, Sustrai akordeoi taldea, Biraka Dantza Elkartea eta Udal Musika Banda izango dira eta Musika Eskolako jaialdi bat baino gehiago ikusteko aukera ere egongo da sei hilabeteotan.
Herriko artistak taularatzeaz gain, herriko gazteak kultura jardueretara erakarri nahi ditu Udalak. Horretarako, gazte txartela erabiliz gero, ikuskizun eta kontzertu guztietarako sarrerak hiru euroren truke erosi ahal izango dituzte.
Antolatutako emanaldi guztietarako covid-19aren aurkako neurriak hartu nahi izan ditu Udalak, eta, momentuz, ekitaldi guztietarako aforoa %60koa izango da. Informazio gehiago jasotzeko eta sarrerak erosteko bidea https://herrikoantzokia.eus/ webgunea kontsulta daiteke.
• Udal Musika Bandaren Errege Eguneko kontzertua bertan behera
Errege egunean urteroko kontzertua egitekoa zen Udal Musika Banda, baina pandemia egoera dela-eta bertan behera utzi dute. Hurrengo kontzertua otsailaren 20rako aurreikusi dute, baina zehaztuko dute data gerturatu ahala.