Iritsi dira ekialdeko errege magoak

Barren.eus 2022ko urt. 5a, 18:52

San Bartolome parrokiak 18:00etako kanpaiak jotzearekin batera iritsi dira plazara Meltxor, Gaspar eta Baltasar, zaldi gainean. Opariz beteriko bi gurdi ere ekarri dituzte, eta zain-zain zituzten Elgoibarko ume zein nagusiak. Covid19ak baldintzatutako kabalgata izan da aurtengoa: ez da jaiotza bizidunik egon, eta erregeek ez dute besteetan bezala Jesus haurtxoa gurtzeko aukerarik izan. Erregeak ere paje bakarrarekin etorri dira, eta ez besteetan izaten duten segizioarekin, eta goxokirik ere ez dute bota. Kalean geldialdirik egin gabe zeharkatu dute herria, eta San Lazaro egoitzako egoiliarrei egiten dieten bisita ere ezin izan dute egin aurten. 

Mendaron ere ezin izan dute aurreko urteetan bezalako kabalgata antolatu, eta murriztuta egin behar izan dute errege magoen desfilea. Hala ere, ume bakoitzak bere gustuko erregearekin hitz egiteko eta opariak eskatzeko aukera izan du. 

Covid-ak baldintzatu arren, herritarren ilusioa piztu dute errege magoek, eta herritarrek irribarrez eta beraien izenak oihukatuz agurtu dituzte. Gaur gauean etxe askotan arituko dira opariak banatzen. 

ARGAZKI ALBUMA

2022 01 05 errege magoen kabalkata mendaro balkoian barren