Ospitaleetan duten premia asetzeko odol erreserbak hobetu beharrean direla ohartarazi dute odol emaileen elkartetik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 60.000 dira odol-emaile ohikoak, baina beharrak asetzeko 8.000 odol emaile gehiago behar dituztela kalkulatu dute. Izan ere, egunero 400 odol poltsa behar dituzte Osakidetzaren menpeko ospitale eta zentroetan, eta une honetan 320 poltsa bakarrik jasotzen dituzte, hau da, behar duen odolaren %80a bakarrik jasotzen ari da osasun sistema. Galdu den %20 horrek kopuru txikia dirudien arren, ezinbestekoa dela nabarmendu dute, odola ezin baita fabrikatu, eta gordetako odolak ez duela asko irauten: plaketek, bost egun; globulu gorriek 42 egun; eta plasmak, urtebete. Euskadiko odol emaileen elkarteko arduradunek gogoratu dute transfusiorako erabiltzen diren osagai asko eta osasun jarduerarako ezinbestekoak diren plasmatik datozen botikak lortzeko modu bakarra dela odol ematea.
Transfusio eta Giza Ehunetarako Euskal Zentroak 23 ospitale publikoetara eta pribatuetara bideratutako odol-emate eta produktu horiek 30.000 lagun baino gehiagok jasotzen dituzte, " hainbati bizitza salbatuz eta beste hainbati osasuna hobetuz".
• Elgoibarren, urtarrilaren 14an
Elgoibarko odol emaileen elkarteak bariku honetan, urtarrilaren 14an, egingo du odol ateratze saioa ohiko lekuan, Jubilatuen egoitzan. 16:30etik 20:10ak bitartean arituko dira osasun arloko profesionalak lanean, baina antolakuntza lanak errazteko aurrez izena emateko eskatu dute elkartetik. Ordua eskatzeko 623 328 408 telefono zenbakira deitu (15:00etatik 20:00etara) behar da, edota bestela whatsappa idatzi.