Euskara ardatz duten bi jolas berri sarean: Berbaxerka eta Appa hi!

Barren.eus 2022ko urt. 11a, 16:05

Euskaraz gozatu eta ikasteko bi jolas berri sareratu dituzte. Batetik, Katalunian zabalkundea eta sona lortu duen Paraulogic hitz jokoaren euskarazko bertsioa sortu dute: Berbaxerka. Eta, bestetik, Hika praktikatzeko eta ikasteko APPa: Appa Hi.

Berbaxerka hitz-jolasa Web bidez jokatzen da, baina mugikorrerako ere ondo egokitua dago. Mekanika erraza du jokoak, egunero zazpi letra ageri dira zazpi hexagonok osatutako abaraskara moduko horretan. Erdiko letra nabarmen ageri da derrigorrezkoa delako. Letra horiekin, beraz, euskarazko hitzak osatu behar dira, betiere erdikoa kontuan hartuta. Argiak argitu duenez, jokoak aurrekari argiak ditu, ingelesez The New York Times-ek sortutako Spelling Bee eta, gertuago, azken asteetan Katalunian famatu bilakatu den Paraulogic. Euskarazko bertsioa, Berbaxerka, nork sortu duen ez da oraindik argitu. (informazio osoagoa argia.eus)

 • Appa Hi To-ta-mo hitanoarekin jolasean
Appa Hi!, Hika praktikatzeko eta ikasteko aplikazioa da. CodeSyntax enpresak sortu eta garatu du, Badihardugu Elkartearekin elkarlanean, eta Oñatiko Udalaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, etorkizunean beste herri batzuetako hitanoak lantzeko asmoarekin.
Partidak jokatu ahala mailak gainditzeko aukera ematen du APP honek, galdera-erantzunen bidez. "Bost asteko epean hitanoaren oinarrizko egiturak eta aditzak ezagutzeko aukera izango duzu, baita hutsetik hasita ere", diote. Android zein iPhone gailuetan instalatu daiteke, doan. (informazio guztia eta APPa jaisteko: codesyntax.com)

2022 01 11 appa hi codeSyntax