Benantzio Otaegi parrokoak Elgoibarko parrokia laga du

Barren.eus 2022ko urt. 12a, 17:33

Benantzio Otaegi parrokoak erretiroa hartu du, eta Errege Eguneko mezan agurtu zituen San Bartolome parrokiako eliztiarrak.

Otaegik 78 urte ditu, eta azkenaldian osasunez pattal samar ibili da, eta Elgoibarko parroko lana lagatzeko ordua iritsi zaiola erabaki du. Parroko berria izendatu bitartean, Debabarreneko lau apaizen laguntza edukiko jasoko du Elgoibarko parrokiak domeketan eta jai egunetan Eukaristia ospatzeko, eta baita hileta elizkizunetarako ere. Apaiz horiek euren parrokietako lanarekin uztartu beharko dute Elgoibarko lana, eta ondorioz, ordu erdiz aurreratuko dute domeketako eta jai egunetako meza.

Aurrerantzean, beraz, 11:30ean beharrean, 11:00etan izango da. Hileta elizkizunak orain arte bezala mantentuko dituzte: astelehenetik zapatura, 19:00etan.

Soraluzeko parrokia utzi ostean iritsi zen Benantzio Otaegi Elgoibarrera, 1993an. 29 urtez izan da Elgoibarko parrokoa eta ez da oharkabean pasatu. Kristau Ikasbidekoen meza bereziaren amaieran hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien eliztiarrei urte hauetan guztietan jaso duen tratuagatik. Parrokiaz aparte, Elgoibarko auzoetako elizetan ere urteetan jardun da mezak ematen, eta ermita horien errepasoa ere egin zuen. Elgoibarko esperientzia aberatsa izan dela esanez bukatu zuen bere hitzaldia, eta elizan bildutako herritarrek txalo zaparrada handi batekin agurtu zuten.
Benantzio Otaegi 1943an jaio zen Azpeitian. 10 urte zituela hasi zituela seminarioan sartu zen, eta sei bat urtez aritu zen bertan ikasten, batxilergoa amaitu zuen arte. Tudelan jarraitu zituen ikasketak, eta ondoren, Donostiako seminarioan sartu zen. 1970ean hasi zen apaiz lanetan, Usurbilen. Gerora, Arrasateko San Andres parrokiara iritsi zen, eta 1988an Soraluzera. Bost urte egin zuten han, eta ondoren, Elgoibarrera etorri zen. Erretiroa hartu ostean, Donostiako Gotzaitegiak Antiguako auzoan duen seminarioan izango du bizitokia.