Protokoloa egokitu zuen aste hasieran Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Gaixo agiria behar duten, sintomak dituzten edota talde zaurgarrietan dauden herritarrek soilik eskatu dezakete proba diagnostikoa egiteko hitzordua Osakidetzan. Pertsona zaurgarritzat hartuko dituzte 70 urtetik gorako herritarrak, haurdun dauden emakumeak, immunoeskasia duten pertsonak, txertatu gabekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak. Ondorioz, orain, herritar talde horiei dagozkien positiboen datuak bakarrik batzen ditu kontutan Osasun Sailak.
Eguneratu dituzten azken datuen arabera, Elgoibarrek jarraitzen du eskualdeo intzidentzia tasa altuenarekin, eta gainera 8.000ko langa nabarmen gaindituta, pandemia hasi zenetik izan duen intzidentzia tasa altuena du: 8682,84koa. Azken hiru egunetan 209 kasu hauteman dituzte; 86 astelehenean, 55 martitzenean eta 68 eguaztenean. Eskualdeko lau herritako intzidentziak gainditu du 8.000ko langa.
Urtarrilaren 10etik 12ra bitarteko COVID-19 kasu positiboak, Debabarreneko herrietan:
- Elgoibar +209 (86, 55, 68) 8682,84ko intzientzia-tasa
- Soraluze +53 (20, 22, 11) 8228,49
- Mallabia +15 (7, 3, 5) 8151,26
- Eibar +430 (158, 144, 128) 8105,85
- Ermua +285 (86, 105, 94) 7778,26
- Mendaro +36 (9, 15, 12) 7328,61
- Deba +90 (33, 28, 29) 7298,73
- Mutriku +104 (36, 41, 27) 6435,83
- GIPUZKOA +11.244 (4053, 3953, 3238) 7357,40
Osasun Sailaren gaurko txostenak albiste onen bat edo beste laga du. 2021eko azaroaz geroztik, azken egunetan lehen aldiz hartu du beheranzko joera intzidentzia-tasak Gipuzkoan eta Bizkaian; Araban, aldiz, gora doa oraindik, grafikoko lerroa okertzen hasia dagoen arren. Hego Euskal Herriko datuei dagokionez, 12.058 positibo detektatu zituzten atzo egindako probetan. Araban 1.556 izan ziren, Bizkaian 4.590, Gipuzkoan 3.238 eta Nafarroan 2.674.
Bestalde, RO Indizea, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen indizea 0,92koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru hilabetez 1etik gora egon eta gero.
Osakidetzaren mendeko erietxeetan 96 lagun ospitaleratu zituzten atzo koronabirusak jota, eta denera, 807 paziente daude erietxeetan, horietatik 136 ZIUetan. Nafarroan, berriz, ospitaleetan 266 gaixo daude COVID-19arekin, horietatik 36 ZIUetan.