Bide bazterrean zegoen aparkatuta autoa, belar gainean, eta autoa asfalto gainera ateratzeko saiakeretan ari zirela gertatu da istripua, dirudienez. Ez dugu informazio zehatzik zer eta nola gertatu den, baina oraindik argitzeke dauden arrazoiegatik autoa aldapa behera mugitzen hasi da, eta autoaren jabea, 40 urteko gizonezko elgoibartarra harrapatu du. Maldan behera egin du ibilgailuak eta aurrekaldearekin pinu baten aurka jo duenean gelditu da.
Larrialdietako zerbitzuei deitu diete eta anbulantziak, ertzainak eta suhiltzaileen bi kamioi bidali dituzte Karakate gainera. Osakidetzako helikopteroa ere bidali dute eta lur hartu ahal izateko lekua behar zuela-eta, bertan aparkatuta zeuden ibilgailuen jabeei deika aritu dira, autoa mugi zezaten, horietako asko mendian zebiltzan arren.
Azkenean, helikopteroan eraman dute zauritua, Gurutzetako ospitalera. Lekukoek jakinarazi dutenez, zauritutako gizonak ez zuen zauri larririk, eta "susto handi bat" izan dela azaldu dute.