Elgoibarko Udaleko arduradunek azaldu dutenez, Kalamua mendiaren gailurra zuhaitzik gabe egon da denbora luzean, eta hala, gailurretik dagoen ikusmira trabarik gabe ikusteko aukera dute mendizaleek. Moru mendia aipatu dute adibidetzat. "Moru mendiaren gailurrean pinuak landatuta egon dira Elgoibarko Udalak 2017. urtean lursaila eskuratu zuen arte. Morkaiko mendiaren gailurra ere, jabetza pribatukoa izanik, pinuak tapatuta egon da orain dela gutxira arte".
Era berean, erositako lursailean 36ko gerrako frontearen aztarnak daudela zehaztu dute, lubaki bat, hain justu ere. Horrez gain, Memoria historikoaren Elgoibarko ibilbidea lursail horretatik igarotzen da. Altzolan hasi, Ziarda menditik pasatu eta Aiastia bailaratik kalamuaraino dator ibilbidea.
Iñigo Loiola Garate zinegotziak nabarmendu du lursailok erostea “estrategikoa” dela Kalamua inguruko biodibertsitatea mantentzeko: “herritarrentzako erakargarri izatea nahi dugu eremua, beren gozagarri, eta aldi berean, espezie autoktonoentzako leku”.
• Moru mendiko bi lursail erosi zituen 2017an
Udalaren enkarguz idatzitako Moruko, Olasoko eta Idotorbeko paisaia planaren barruan, abian jartzeko hainbat ekintza zehaztu ziren, eta besteak beste, Moru mendia eta bertan dagoen burdin aroko herriska berreskuratzea aurreikusi zen.
Eragindako lursailak Udalarenak ez zirenez, ekintza horiek abian jartzeko haien jabetza eskuratu zuen Udalak 2017an. Guztira, lau hektarea inguru erosi zituen Udalak. Pinuak bota eta bertako zuhaitz espezieak landatu zituzten, eta "hainbat indusketa arkeologiko ere egin dira bertan".
∞ Lotura duten albisteak: