Azken egunetan eduki ditugun egun hotzek, eta izotzak, jarraipena izango dute asteburu honetan. Muturreko tenperatura baxuengatik abisu horia ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Gaur gaueko 21:00ean sartuko da indarrean asteburuko lehen abisu horia, izotzagatik, eta larunbateko 10:00ak arte luzatuko da, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Domekan sartuko da indarrean bigarren abisu hori aldia, 00etatik 10etara. Oro har, izotz txikia egingo du, baina zenbait tokitan, mendialdean eta Araban, besteak beste, handia egin lezake.
Erakundeek eta mendiko erreskate taldeek arretaz ibiltzeko deia egin diete mendizaleei. Nafarroako Erreskate Teknikoko Taldeak eta suhiltzaileek, esaterako, azken asteburuan bost erreskatetan esku hartu behar izan dutela jakinarazi dute, eta baldintza klimatologiko zailetan egin behar izan dituztela interbentzio horiek, elurrak eta izotzak ia erabat estaltzen baitituzte nafar Pirinioetako mendiak. Heriotzak ere izan dira mendian. Joan zen zapatuan Berastegiko 27 urteko gizonezko bat hil zen Huescako Pirinioetan, eta domekan bi euskal herritar zendu ziren mendian. Batetik, Berrobiko 39 urteko bizilaguna hil zen Balerdi mendian, 50 metrotan behera amilduta. Eta, bestetik, Belaguan istripua izan zuen 45 urteko Aiegiko bizilaguna hil zen.
• Mendian ibiltzeko gomendioak
Azken egunetako baldintzak medio elurra guztiz izoztu dagoela, eta mendian ibiltzea oso arriskutsua dela ohartarazi du Joseba Elustondo mendizale elgoibartarrak bere Twitter kontuan zabaldu duen harian. "Ez naiz inor inori gomendioak emateko, baina egunotan Pirinioen egoera ikusita, ez dator gaizki zentzuzko gauza batzuk aipatzea", adierazi du. Besteak beste, mendirako materiala bezain garrantzitsua dela erabiltzen jakitea dio, formazioa eta praktika toki erosoetan egin behar direla zehaztuz, eta behin hori eginda, malda izoztuetan eta elurtuetan ibiltzeko planifikazioa eta datorrena aurreikusteko gaitasuna izatea funtzeskoak direla zehaztu du. "Laburtzen: formakuntza eta praktika".
Ikus hemen osorik Joseba Elustondoren gomendioen hari Twitterren.