Ariane Nogalesek prentsa ohar bidez adierazi duenez, diru funts horien helburu nagusia oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea da, besteak beste, osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak. Bozeramaile sozialistak zehaztu duenez, Estatuaren bi baliabide ekonomiko dira Debabarrenak jasoko dituenak. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Estatutik jasotako Covid-19 funtsetatik datozen 25,1 milioi euro transferituko dizkie Gipuzkoako udalei, eta, zehazki, eskualdeak 1.902.809,3 euro jasoko ditu; horietatik 392.903 euro Elgoibarri. Bestalde, EIPren konturako ekarpenek (Estatuko tributuetan parte hartzea) igoera handia izan dute, eta hori "mugarri" bat dela dio Nogalesek. "Diru hori, Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak hitzeman zuen bezala, udalerriei emango zaie, udalen beharrei aurre egiteko eta herritarren bizitza hobetzen laguntzeko. Azken funts horretatik, oro har, Debabarrenak 62.029,85 euro jasoko ditu, eta Elgoibarrek, berriz, 11.330,83 euro", azaldu du.
Nogalesen ustez, Covid-aren pandemia dela eta, “ezohiko” egoera bizi dugu, familiei ez ezik enpresei eta erakundeei ere eragiten diena. Une honetan garrantzitsuena "susperraldi ekonomikoa" izan dadin lan egitea dela iritzi dio, eta Espainiako Gobernutik datozen funts horiek oso beharrezkoak direla eskualderako, baina bereziki Elgoibarko udalarentzat, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea baita. "Ongizatearen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugu udalan, eta, beraz, laguntza ekonomiko horiekin udal-zerbitzu publiko hobeak eman ahal izango ditugu, gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko", adierazi du.
∞ Lotura duten albisteak: