Kontzerturako sarrerak herrikoantzokia.eus webgunean eta leihatilan erosi daitezke 10 euroren truke (3 euro Gazte-txartela dutenek). Emanaldia 20:30ean hasiko da, Elgoibarko Herriko Antzokian.
Ruper Ordorika euskal musikari berritzaile eta nazioartekoenetakoa da, hala rock eta pop musikan nola beste estilo batzuetan. Euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa da oñatiarra.
Azaro erdialdean argitatu zuen Ordorikak Kubara garamatzan 'Amour eta Toujours' disko berria, eta han eta hemen aurkezteko biran dihardu orain. Hogei diskotik gorako zerrenda zabaltzen duen album berezia da, eta, seguruenik, leku paregabea izango du euskal musikaren erreferente eztabaidaezin honen ibilbidean. 11 abesti ondu ditu, Kubako musikaren moldean. Elkar argitaletxeak atera du 'Amour eta Toujours' diska.