Idoia Gurrutxaga: "ZIUn dauden gaixoen bi heren txertatu gabeak dira"

Barren.eus 2022ko urt. 27a, 11:06

Donostia Ospitaleko zuzendari medikoak jakitera eman du Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) dituzten gaixo guztien bi herenak txertatu gabeak direla.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan elkarrizketatu dute Idoia Gurrutxaga elgoibartarra, Donostia Ospitaleko zuzendari medikoa. ZIUetan dituzten gaixo guztien bi herenak txertatu gabeak direla azaldu du; eta, beste herenak, ez dute txertaketa pauta osoa jaso, edo sistema immunitario ahula dutelako, edo gaixotasun bat dutelako edo tratamendu bat hartzen ari direlako. Txertatu gabeak oraindik ere asko direla nabarmendu du eta horretan lan egin behar dela uste du.

Pandemiaren seigarren olatua txarrena izaten ari dela aitortu du Gurrutxagak. Azken olatuan, batez beste, 130-150 pertsona izan dituzte covid-19agatik ospitaleratuta. Gaur egun, 118 pertsona dira, horietatik 36 Zainketa Intentsiboen Unitatean. Era berean, onartu du, beste zeregin batzuetarako ziren giza baliabideak eta egiturak egokitu behar izan dituztela ospitaleko egunerokoan.
Pandemiak eragina izan duen ospitalean egiten diren ebakuntzetan ere. Idoia Gurrutxagak emandako datuen arabera, azaroaren amaieran itxaron zerrenda kirurgikoa 49 zen eta gaur egun 74 egunekoa da. Gaineratu duenez, igoera hori tarteko, itxaron zerrendan dauden pertsonen kopurua asko handitu da. "Hilean ia 1.000 ebakuntza gutxiago egin ditugu", nabarmendu du (*iturria: eitb.eus).