Otsailaren 13ra arte luzatu ditu Jaurlaritzak indarrean dauden neurriak

Barren.eus 2022ko urt. 28a, 19:23

Egun indarrean dauden neurri murriztaileak otsailaren 13ra arte luzatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Bestalde, COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzea eta pasaportea eremu gehiagotara zabaltzea ere eskatuko du.

Egoera epidemiologikoa eta LABI teknikoaren txostena aintzat hartuta, abenduaren 28ko 51/2021 dekretuan jasotako neurriak luzatzea erabaki du Jaurlaritzak. Hona indarrean dauden neurriak:

  • Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01:00etan izango da.
  • Oro har, edukiera % 60koa izango da mota guztietako establezimenduetan eta barnealdean.
  • Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietarako gehienez 600 pertsona barnealdean eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeko gehienekoa 800 pertsonakoa da, eta 1.200 pertsonakoa kanpokoetan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera % 50ekoa izango da; nolanahi ere, Estatuan beste muga jakin bat aplikatu ahal izango da.
  • Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan, diskoteketan eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduetan, debekatuta dago zutik kontsumitzea. Mahai bakoitzeko edo mahai multzo bakoitzeko bezero-taldeak gehienez 10 pertsonara mugatzen dira, bai barrualdeetan, bai terrazetan. Mahaien edo mahai-multzoen arteko distantzia metro eta erdikoa izango da. Neurri horiek berak aplikatuko zaizkie gazteen lokalei edo lonjei, txokoei eta elkarte gastronomikoei.
  • Barrualdeko kirol-jarduera gehienez 10 pertsonako taldeetan egituratu beharko da. Aldagelak % 50ean bakarrik bete ahal izango dira.

 

 • COVID Ziurtagiria
Horrez gain, Jaurlaritzak COVID ziurtagiriaren erabilera luzatzeko nahiz beste eremu batzuetara zabaltzeko baimena ere eskatu dio EAEko Auzitegi Nagusiari. Martitzenean emango dute erabakiaren berri. Besteak beste, hoteletan, etxe turistikoetan zein joko aretoetan ere COVID pasaportea derrigorra izan dadin nahi du Jaurlaritzak. Ziurtagiriak "txertaketa indartzeko" balio izan duela adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak.

 • Intzidentziaren beherakada
LABIren aholku bilera bukatu ostean eman duen agerraldian, "zuhurtzia eta prebentzioa" eskatu ditu Sagarduik. Izan ere, hamalau eguneko intzidentzia 3.399,72koa da EAEn, "atzo baino 152 puntu baxuagoa", eta zazpi egunekoa, berriz, 1.588,66an dago, "atzo baino 2,3 puntu gehiago". Erreprodukzio-indizea ere gora doa berriro, domekan 0,7koa baitzen eta gaur, 0,97koa.