Aita Agirre kulturgunea berdez argiztatuko dute otsailaren 4an Minbiziaren Aurkako Eguna dela-eta

Barren.eus 2022ko ots. 1a, 12:23

Elgoibarko Udalak bat egingo du Minbiziaren Aurkako Egunarekin, eta Aita Agirre kulturguneko arkupea berdez argiztatuko dute barikuan, otsailak 4.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, Minbiziari buruzko Ikerketen Nazioarteko Zentroarekin eta Minbiziaren aurkako Nazioarteko Batasunarekin batera, erabaki zuen 2000ko otsailaren 4an, egun hori izango zela Minbiziaren aurkako Mundu Eguna. Gaixotasun horren prebentzioan aurrera egiteko, Kontzientziazioa eragitea eta gizartea mobilizatzeko helburuarekin izendatu zuten egun hori.

"Minbiziaren prebentzioa eta gaitza azkar aurkitzea garrantzitsuak eta beharrezkoak dira, minbizia heriotza-kausa nagusietako bat baita mundu osoan. Minbizia gaixotasun isila da eta zelulak kontrolik gabe hazten dira. Tumoreak inguruko ehun organikoa inbaditu eta suntsitzeko joera du, eta gure gorputzeko hainbat ataletan metastasia sor dezake", azaldu dute Udaletik. Eta gaineratu dute gaur egun tratamendu pertsonalizatuak daudela, eta hori dela minbizi-mota eta -egoera batzuetan sendatze-arrakastaren eta minbizi metastasikoan bizi-kalitatea duen biziraupenaren arrazoia, kronikoa izatera irits daitekeena.