Elgoibarko Udalak ohartarazi duenez, igogailua 20:00ak arte egongo da martxan bihar, hilak 2. Orduan hasiko dituzte egurrezko zoladura berritzeko lanak, eta lanok irauten duten bitartean igogailua ez da erabilgarri egongo. Lanek sei aste inguruko iraupena izatea aurreikusten dute Elgoibarko Udaleko arduradunek.
Pasabidea Eusko Trenbide Sarearen (ETS) trenbide baten gainean dagoela-eta, lan jakin batzuk gaueko ordutegian eta ordutegi mugatuan egingo dituzte, trenak ez dabiltzanean.
Udaletik zehaztu dutenez, pasabideko zoladuran mantentze lanak egiteaz gainera, irristakortasuna hobetzea da lanon helburu nagusia. Udalak hobetsi duen irtenbidea da gaur egungo egurrezko taulatuaren ordez altzairuzko xafla baten gainean hormigoizko zola bat jartzea; "horrela, azalera askoz ere zurrunagoa sortzen da, iraunkortasun handikoa eta mantentze-lan hobeak dituena". Bide batez, igogailuan ate berriak ipiniko dituzte.
Partaidetza bidezko aurrekontuetan herritarrek boto gehien emandako bost proiektuetako bat zen honakoa. Inbertsioa 47.269,59 eurokoa da (BEZik gabe).
• Eraginak ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan
Obrak egiten diren bitartean, otsailaren 2tik aurrera, igogailua ez da erabilgarri egongo, eta, beraz, oinezkoek beste ibilbide bat egin beharko dute San Roke kalera iristeko.
Noizean behin eragina izango du ibilgailuen trafikoan ere, bai Bernardo Ezenarro kalean, bai San Roke kalean, materiala kargatzeko eta deskargatzeko eragiketetarako, eta baita zenbait lan puntualetarako ere, esate baterako, zolaren hormigoia ponpatzeko.
Udalak pazientzia eskatu die herritarrei, arduraz jokatzeko eta inguruan ezarritako neurri guztiak betetzeko, "herritar guztien segurtasuna bermatzeko".
∞Lotura duten albisteak: