370 emakumek eskatu dituzte kopa menstrualak

Barren.eus 2022ko ots. 3a, 15:14

Elgoibarko Udalak hilekoarentzako kopak edo kopa menstrualak banatuko ditu, horien ezagutza eta erabilera bultzatzeko asmoarekin. Guztira 370 kopa menstrual banatuko dituzte.

‘Gure gorputza eta sexualitatea’ ekimenaren baitan, joan zen abenduan, Udalak, ziklo menstruala bere osotasunean ezagutzeko jardunaldia antolatu zuen, eta horrekin batera kopa menstrualen inguruko zabalkundea ere egin zuen.

Horren harira, Berdintasun Sailak kopa menstrualak banatuko ditu, debalde, Elgoibarko emakumeen artean. Kopak jaso ahal izateko aurrez eskatu beharra zegoen eta 370 emakumek eskatu dituzte.
Banaketa otsailaren 8an eta 10ean egingo dute, 12:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era, Lilan (King-kong eraikinean, 2. solairua). Banaketa lanetan Lilako Mahaiko kideak arituko dira, Udalarekin lankidetzan.
Helburua emakumeen artean kopa menstruala ezagutara ematea izan da eta erabilera bultzatu eta erraztea. Udaleko Berdintasun Saileko arduradunek nabarmendu dutenez, erantzuna “paregabea” izan da: “abenduko jardunaldia arrakastatsua izan zen oso. Pausu berri bat da hau, koparen erabilerarekin emakumeen gorputza zaintzen baita, kimiko eta lurrinik gabe egina baitago, eta ingurumenarekin jasangarriagoa da, bataz-beste 10 urteko iraupena baitu”.
 • Emakumeen higiene intimorako produktuak
Udal ekipamenduetako arreta zerbitzuetan emakumeentzako higiene produktuak daude eskura, beharra duten herritarrek eskuratu ahal izateko. Ondorengo espazioetan eskatu ahal izango dira: HAZen (Herritarren Arreta Zerbitzua), Gotzon Garate Udal Liburutegian, Udal Euskaltegian, Ludotekan, Gaztelekuan, Olaizaga kiroldegian, Inazio Bereziartua musika eskolan eta Herriko Antzokian. Azken egitasmo honen helburua da, aurreikusi gabeko beharren aurrean, herritarrei zerbitzua eskaintzea.

2022 02 03 kopa menstrualen banaketa kartela

∞Lotura duten albisteak: