Poltsa industrialak ezin direla beira-edukiontzietan laga ohartarazi du Mankomunitateak

Barren.eus 2022ko ots. 3a, 16:34

Debabarrena eskualdeko Mankomunitateko arduradunek jakitera eman dutenez, azken hilabeteetan "ohikoa" izaten ari da beira-edukiontzien barruan poltsa industrialak ikustea, eta hori ezin dela egin gogora ekarri dute.


Azken hilabeteotako joera hori ikusita, Mankomunitatetik azaldu dute pegatinak jarri dituztela edukiontzietan herritarrei, eta batez ere tabernariei, mezu argi bat helarazteko: ezin da inolako poltsarik bota edukiontzi horietara.
"Tabernetan edo establezimenduetan pilatzen den beira poltsetan jasotzen bada ere, poltsak hustu egin behar dira edukiontzian, baina ezin dira edukiontzi barrura bota. Izan ere, birziklapena oztopatzen dute eta edukiontziak hondatzen dituzte”, azaldu dute. Hori horrela, Mankomunitateak mesedez eskatzen die inolako poltsarik ez botatzeko beira edukiontzietara.