Idoia Gurrutxaga: “Lehen olatuan Gipuzkoak sufritu zuen gutxien; azken bietan okerren ibili gara”

Barren.eus 2022ko ots. 4a, 12:46

Elgoibartarra da Donostia Ospitaleko zuzendari medikua: Idoia Gurrutxaga Arriola. COVID gaitza dela-eta ospitalean bizi dutena jakinarazi behar izan du maiz. Zuzentzen duen ospitalaren barrutik. BARRENen ere azaldu ditu pandemiak osasun zerbitzuetan izan dituen ondorioak, gaixoetan, langileetan zein zerbitzuetan, oro har, eta txertoei buruz ere aritu da.

Bide batez ESIko profesionalen inplikazioa, konpromisoa eta lana nabarmendu eta euren profesionaltasuna azpimarratu nahi izan du Gurrutxagak.

 • Azken asteotan zalantzak sortu dira ematen diren datuak egokiak ote diren. Nola ikusten duzu pandemiaren kudeaketa?
Datuen analisia guztiz aldatu da azken bi asteetan, kontaktuen eta susmagarrien behaketa, jarraipena eta aztarna lanak aldatu egin direlako. Aldaketak larrien daudenen eta arrisku gehien dutenen jarraipena ahalbidetu du, baina, oraingo datuen eta aurrez aztertzen genituenen arteko konparaketa zailagoa egin du. Honek kudeatzeko orduan datuen konfidantza murrizten du. Gu ospitalean ditugun datuen azterketetan eta langile kutsatuen datuetan oinarritzen ari gara, eta tendentzia poliki-poliki jaisten ari dela dirudi, baina ez nahi bezain azkar. Goi-lautada batean gaudela dirudi, oraindik ospitaleratze askorekin eta berriak gelditzeke.

 • Azken olatua ospitaleei dagokionez handienetakoa izan omen da. Zein da eragina?
Gu oraindik ez gaude batere ondo. Seigarren olatu honetan, batez beste 150 COVID paziente izan ditugu ospitaleratuta, horietatik heren bat Zainketa Mediko Intentsiboetan. Lanari aurre egiteko, kritikoen 83 ohe ditugu prestaturik (47 egoera normalean), zainketa kritikoak eskatzen dituzten eta COVID ez diren patologiak artatzeko. Horretarako beste zeregin batzuetako giza baliabide eta egiturak erabili behar izan ditugu. Ospitaleetako okupazioa erabatekoa da; lehen olatuan ez bezala, beste osasun-arazo batzuk dituzten pazienteak iristen ari dira. Beraz, ohiko jarduerari COVIDarena gehitu behar zaio. Solairu guztiak irekita daude, eta eskari handiko egoeretan erabili ohi ditugunak ere. Gehigarri moduan esango dut gaur egun, COVID gaixo larri gehienak txertatu gabeko pazienteak, txertaketa-pauta osoa ez dutenak, edo beste gaixotasun batzuen ondorioz sistema immunitario ahuldua dutenak direla. Baditugu txertatuta egonagatik larri dauden gaixoak –aurretik zituzten osasun-baldintzengatik–, baina gutxiengoa dira. Kritikoen unitatean ospitaleratutako pazienteen bi heren txertatu gabe daude. Ez dakit egoera zein litzatekeen txertorik izan ez bagenu.

 • Eguneroko lanean aldaketa nabarmenik izan da zuen ospitalean langileei, kontsultei, ebakuntzei dagokienez?
Prozesu batean erabiltzen diren baliabideak beste bati kentzen zaizkio, mugatuak baitira. Azaroaren amaieratik, 39 lanaldi kirurgikoko eguneroko programazioak 19ra murriztu genituen, prozesu onkologiko, atzeraezin eta larrietako ebakuntzak bakarrik eginez. Ondorioz, itxaron-zerrenda kirurgikoko atzerapenek okerrera egin dute: azaroaren amaieran 49 egunekoa zen eta gaur 73koa, itxaron zerrendako pazienteen igoera nabarmena izanik. Horiek dira ospitalean gehien sufritu duten prozesuak. Lehen mailako arretari dagokionez, COVIDarekin lotutako behaketek, jarraipenek, aztarnari-lanek, lanerako aldi baterako ezintasunek… gainkarga dezentea ekarri die profesionalei, eta beste prozesu batzuetan zaildu egin du lehen mailako arretara iritsi ahal izatea. Ondorioz, jende gehiagok jo du ospitaleko larrialdi zerbitzuetara eta ospitalez kanpoko etengabeko arreta guneetara. COVIDaz bestelako patologiak dituzten pazienteen arreta kaltetu egin da. Horrez gainera minbizia duten hainbat gaixoren programatutako ebakuntzak, bertan behera utzi behar izan ditugu, COVID positiboa eman dutelako. Ebakuntza programatu bat bada, atzeratu egiten da –baita ebakuntza onkologikoa bada ere; izan ere, ebakuntza eginez gero, okertu egiten dira gaixotasuna zein ebakuntzaondoko prozesua–. Ebakuntza ondoan, COVID positiboa eman eta sei edo zazpi aste bitartean, heriotza-tasa % 4 igotzen da; beraz, onena da ahal den guztietan ebakuntza atzeratzea sei edo zazpi aste horiek igaro arte.

 • Bada oraindik txertaketen inguruan zalantzak dituen jendea. Zein dira zalantza horiek? Txertoaren eraginkortasuna noiz da nabarmenagoa eta norentzat?
Biztanleen % 10 txertatu gabe badago eta horiek badira intentsiboetan ospitaleratutakoen 2/3, horrek esan nahi du txertatu gabekoek intentsiboetan ospitaleratzeko duten arriskua 18 aldiz handiagoa dela. Zaila egiten zait ditugun datu eta informazioa kontuan izanda, txertoen inguruko zalantzak ulertzea. Adierazle guztien arabera, txertoaren eragin onuragarria argia da. Intzidentzia-tasa hauek lehenago egon balira txertatu gabeko biztanleen artean, ondorioak erabilgaitzak izango ziren.

 • Ospitaleratutakoak eta ZIUetan ingresatuen gehiengoa oraindik txertoa hartu gabeak direla esaten da. Jendeari txertoa hartzeko gomendioa egin behar zaiola uste duzu?
ZIUan ospitaleratutako pazienteen 1/3 eskas dira txertatutakoak, gehienak immunodepresioa eragiten dien oinarrizko patologia bat edo beste tratamendu bat dutenak. Txertoaren bi dosi estandarren ostean, denborarekin, eta batez ere adineko pazienteen artean, infekzioaren aurkako babesak eraginkortasuna galtzen du, eta askoz neurri txikiagoan galtzen da ospitaleratzeen aurkako babesaren eraginkortasuna. Hirugarren dosiaren eraginkortasuna aztertu duten ikerketek erakutsi dute bereziki ospitaleratzeen aurkako babesa berreskuratzen dela, baita infekzioaren aurkakoa ere (kasu horretan, neurri txikiagoan). Noski norbere erabakia da txertatzea edo ez txertatzea, baina nik justizia soziala eta laguntasuna eskatuko nituzke gutxien eta kaltetuen gertatzen diren pertsonen aurrean, hala nola inmunologia ahulduta duten pertsonen aurrean, adineko jendean... Guk eskaintzen ditugun datuak dagoeneko ebidentzian oinarrituak dira eta ez gara sinesmen eta irudipenetan oinarritzen.

 • Gipuzkoan beste leku batzuetan baino eragin gogorragoa izan du Covidak azken aldian. Arrazoi berezirik ba al dago?
Txertaketa diferentzia lau puntu gutxiagokoa da, baina hau ezin daiteke arrazoia izan, aisialdia antzerakoa da hiru lurralde historikoetan, muga gertu daukagula diote batzuk eta horrek izan dezakeen eragina, ez dakigu zein den arrazoia ebidentzian oinarritua, lehenengo olatuan gure lurraldea izan zen gutxien sufritu zuena, baina azken bi olatuetan, batez ere seigarrenean okerren ibili gara Gipuzkoan. Hirugarren txertoarekin bai, argi ikusten ari gara Gipuzkoan askoz jende gutxiago txertatzen ari dela Bizkaia eta Arabarekin alderatuta. Ez dakigu kutxatu gehiago izan ditugunez, denbora pasa zain dauden edo eta ez dutelako jarri nahi, honek gehiago kezkatzen gaitu.

 • COVID eta gripea konparatu dituenik bada. COVIDari fase honetan endemia deitzeak gure nahiekin eta endemia terminoa gaizki ulertzearekin lotuago omen dago datu epidemiologikoekin baino. Zer diozu?
Zuhurtziaz jokatu behar dugu, hau ez da gripe bat, nire ustez goizegi da horretarako. Gaur egun, biztanleriaren zati batek COVIDa patologia arin samar bat bezala bizi duen arren, biztanleriaren beste segmentu batzuek, hala nola txertatu gabekoek edo txertoari hain ondo erantzun ezin dioten gaixo immunodeprimituek, koadro larriak bizi ditzakete. Gainera, adineko pazienteetan, behar bezala txertatuta egonik ere, haien oinarrizko patologia desorekatu daiteke. Gaixotasunen Prebentzio eta Kontrolerako Europako Zentroak eta OMEk ere goizegi dela irizten diote. Posible da, biztanleriaren zati handi bat kutsatzen bada, azkenean endemiko bihurtu eta egoera horretara iristea, baina, gaur egun, niretzat behintzat goizegi da hori esateko.

 • Gaitzari errespetua galdu omen dio jende askok. Jendeak egunerokotasunean neurririk hartu ezean zuei nola eragiten dizue? Nola egin dakioke aurre?
Bi errealitateren aurrean bizi garela eta bizi izan garela argi dago: Osasun sailean ikusten duguna eta kalean behatua. Agian ez dugu ongi jakin gure errealitatearen gordintasuna azaltzen, gaixotasun honen heriotza kopuru bortitza, ZIUan egon ondoren, gaixotasuna gainditu dutenen ezegonkortasun eta ondorengo bizitza kaskarra berriz dena errekuperatu arte, hori lortzen bada... Nik berriz ere, elkarlana, auzolana eta besteenganako errespetua eskatuko nuke. Eta lehen esan bezala, COVIDaz bestelako patologiak dituzten pazienteen arreta kaltetu egin da.