Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da 'Salto!' udalekuen helburua. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, iaz gazte "askok" eman zuten izena, baina horietako asko kanpoan geratu ziren, eta horregatik aurten parte-hartzaileen kopurua bikoiztea erabaki du UEMAk.
Aurten ere ibiltaria izango da UEMAk antolatutako ekimena. 50 laguneko bi zutabe abiatuko dira. Bat Tolosatik, eta bestea Etxarri Aranaztik, eta laugarren egunean Leitzan elkartuko dira bi zutabeak. "Zazpi eguneko udaleku ibiltari hau aukera ederra da udalerri euskaldunetako gazteak elkartzeko eta lagun berriak egiteko. Euskaratik eta euskaraz, inertziatik kontzientziara salto egitea, eta gazteek beste herrietako errealitatea ezagutzea da udalekuen asmoa", antolatzaileen berbetan.
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.
Izena emateko epea zabalik dago, eta martxoaren 31 arte izango da zabalik. Hiru modutara eman daiteke izena:
- Hemen sartuta eta datuak beteta.
- 943 816 699 telefonora deituta.
- Datuak posta elektronikoz hezkuntza@uema.eus helbidera bidalita.
• Begirale eta sukaldari hautaketa
Topaketetarako, begiraleak eta sukaldariak ere behar dira, eta horiek hautatzeko prozedura ere abiarazi du UEMAk. Topaketetan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek ere martxoaren 31 baino lehen bidali beharko dute curriculuma. Hautaketa amaitu ondoren, apirilaren 15erako jakinaraziko zaie erabakia hautatuei. Hemen begiraleak eta sukaldariak hautatzeko prozedura eta baldintzak: