Umorea oinarri duen obran lehendakari gai batekin berriketaldia izango duen psikiatraren papera antzeztuko du elgoibartarrak eta herritarrak barrezka jartzea da bere asmoa. Gurrutxagak BARREN aldizkariari emandako elkarrizketan argitu duenez, Lehendakari gaia ez dago pertsona konkretu batean inspiratuta.
Ikuskizunerako sarrerak herrikoantzokia.eus webgunean eros daitezke, askorik gelditzen ez badira ere. 10 euroko kostua du bakoitzak (3 euro Gazte- txartela aurkeztuz gero). Elgoibarren ikusterik ez dutenek beste toki askotan izango dute antzerkiaz gozatzeko aukera. Esaterako, Eibarren otsailaren 28an euskaraz egingo dute eta gaztelaniaz martxoaren 2an.
• Zuhaitz, ‘Lehendakari gaia’ antzezlana egingo duzue Elgoibarren. Zein da obraren oinarria?
Lehendakari izendatu berria da Iker Galartza eta lehen inbestidura hitzaldia eman behar duen goizean, urduritasunak eraginda-edo urduritasun tik bat sortuko zaio aurpegian eta psikiatra bati deituko diote tik hori kentzeko. Psikiatra hori ni izango naiz eta elkarrizketa dibertigarri bat sortuko da bion artean. Elkarrizketa horrek erakutsi nahi du pertsona horren lehendakari gai izateko arrazoia motibazioa ala maitasun falta izan den.
• Psikiatraren papera beteko duzu. Orain arteko emanaldietan nola ikusi duzu zure burua paper horretan?
Nik psikiatrak ez, baina psikologoak ezagutu izan ditut pazientearen aldetik eta terapia saioetan izan ditudan psikologoak serioak izan dira nirekin. Hortaz, hasieran, entseguetan, modu errealistegian antzezten nuen nire pertsonaia, ahaztuta antzerkia zela eta gainera, komedia. Gero moldatzen joan naiz psikiatra xelebreago bat bilatuz, jendeak barre egin dezan eta pertsonaia konplexuagoa sortuz. Hamar bat emanaldi egin ditugu eta emaitza polita izaten ari da jendeak barre egiten duelako psikiatrarekin eta are gehiago Iker Galartzaren lehendakariarekin.
Elkarrizketa osorik HEMEN