Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako Kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, eta Siadeco ikerketa elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariek eman dituzte azalpenak.
Parte hartzaile gutxiago izan zituen 2020ko Euskaraldiak, baina balio izan zuen ariketa sozialaren inguruko mezua egonkortzeko, jende berria erakartzeko eta euskararen erabilera sustatu nahian dabiltzanen motibazioa indartzeko. Eta, gainera, hizkuntza ohituretan ere arrastoa utzi zuen bigarren aldiak: Euskaraldiak irauten duen bitartean egindako aldaketen artean, lehen hitza euskaraz egiteari eutsi diote tinkoen, baita euskaraz ulertzen dutenekin hizkuntza horretan egiteari ere. Hala ondorioztatu du Siadecok egindako ikerketak.
178.184 lagunek parte hartu zuten bigarren Euskaraldian, 2018koan baino ia %21 gutxiagok. Jaitsiera horretan COVID-19ak izandako eragina nabarmendu du Amonarrizek. Izan ere, 2020ko azaroan eta abenduan egin zen ariketa soziala, pandemia betean, Ipar Euskal Herrian konfinamendua indarrean zela (jaitsiera %37koa izan zen bertan), eta Hegoaldean, etxeratze agindua; eta lanarekin eta aisialdiarekin lotutako harreman sozialak nabarmen murriztuta zeudela. Hala ere, jende berria erakartzeko gaitasuna izan zuen ariketak bigarren edizioan, eta bost partaidetik bat, berria izan zen. Rolen hautaketari dagokionez, oraindik hizkuntza gaitasunarekin lotzen dela azaldu dute, hau da, zenbat eta euskaldinagoa izan ingurua, orduan eta Ahobizi gehiago dago, eta gune erdaldunetan, aldiz, handiagoa da Belarripresten kopurua. Dena dela, bigarren Euskaraldian ere, ahobizi figura izan zen nagusi (%77).
Ariketa sozialak utzitako ohitura aldaketei dagokienez, ezagunekin eta kalean izan dira aurrerapausorik handienak eta egonkorrenak, ikerketaren arabera.
Sexuari begira, bestalde, emakumezkoak izan dira Euskaraldia ariketan parte hartu dutenen bi heren, eta adinaren araberako partaidetzari begiratzen badiogu, 30 eta 44 urte artekoak izan dira gehienak.
• Entitateak, estreinakoz
Entitateek lehen aldiz izan zuten Euskaraldian parte hartzeko aukera 2020an: 8.309 egoitzak eman zuten izena, eta 24.363 arigune sortu zituzten. Arduradunek esandakoaren arabera, kanpo-ariguneak sortzea errazagoa izan zaie, eta aldiz, gehiago kosta zaie barne-ariguneak sortzea. Gune euskaldunetan errazago egin dute barne-ariguneen ariketa, eta kanpo-ariguneena, aldiz, gune erdaldunetan.
• 2022an, hirugarren edizioa
Aurten Euskaraldiaren hirugarren edizioa egingo dute, eta arduradunek diote Siadecoren ikerketa honek lagundu egingo duela ariketaren gaineko erabakiak hartzerako orduan. Ildo horretan, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Sailburuak parte hartzea handitzera deitu ditu herritarrak. “2020an txikiagoa izan zen, baina, hala ere, ariketa masiboa izan zen, eta masa handi horrek lagun diezaguke jende gehiagorengana iristen, partaideak eragile aktiboago bihurtuta”. Kike Amonarriz Topaguneko lehendakariaren ustez potentzialitate handiko artefaktoa dugu eskuartean, eta esan du 2022ak aktibazioaren urtea izan behar duela. Bere ustez kaleak berreskuratu eta txapen erabilera indartzeko unea da. Txostenak txapen garrantzia nabarmendu du, eta horrekin bat etorri da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria: “Nafarroan, ariketa hau inportantea izan da elkar ezagutzeko, eta txapek balio dute identifikatzeko, bestela, askotan gaztelaniaz egiten dugu lehen hitza, ez dakigulako bestea euskalduna dela”.
- Hona oso-osorik 2020ko Euskaraldiaren ikerketa EMAITZA NAGUSIAK -PDF-