Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituztenendako estimulazio kognitiboko tailerrak emango dituzte

Barren.eus 2022ko ots. 10a, 14:25

Alzheimerra duten edo hasierako fasean dauden beste dementzia batzuk dituzten pertsonei zuzendutako ikastaroa antolatu du AFAGIk. Tailerrak Eibarren dira, baina Debabarreneko edozein herritarrek har dezake parte, baita elgoibartarrek eta mendaroarrek ere. AFAGIk ohartarazi duenez, leku gutxi geratzen dira tailerretan.

 

Gipuzkoako alzheimer gaixoak eta haien senitartekoak biltzen dituen AFAGI elkarteak eskaintzen dituen tailerren helburua da Alzheimerra edo beste dementziaren bat duen pertsonaren bizi kalitatea hobetu eta narriaduraren ibilbidea moteltzea, estimulazio kognitiboa landuz.

 • Eguneroko bizitzakoak ere bai
Horrekin batera, tailerrean, funtzio kognitiboak (oroimena, lengoaia, arreta, orientazioa...), eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak (garbiketa pertsonala, elikadura...), jarduera instrumentalak (diruaren erabilera, telefonoaren erabilera...) eta gizarte-harremanak indartzeko eta mantentzeko ekintzak egingo dituzte.

Uztailera arteko saioak izango dira, astean birritan -astelehenetan eta eguenetan-, 11:00etatik 12:30ak arte. Parte hartzeko, AFAGIko talde profesionalak eskatzailearen balorazioa egingo du lehenengo.

Tailerretan parte har dezakete narriadura kognitibo arina, Alzheimer gaixotasuna edo hasierako fasean dauden beste dementzia batzuk dituzten pertsonek.

  • Izena emateko afagi@afagi.eus helbidera idatzi edo 943 297 118 telefonora deitu.