Elgoibarko Udalak eta Elhuyarrek, Egur arte eskolarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean egitasmo bat ipini dute abian. Herriko 16 erakusleiho apainduz, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egin duten lana ezagutaraziko dute Bizilabe gazteentzako zientzia eta teknologia ekintzetarako aisialdi-eskaintzaren bitartez. Horretarako, zientzialarien ilustrazioak eta informazioa zein beste hainbat osagarri baliatu dituzte.
Erakusleiho bakoitzean zientzialari baten irudia izango da ikusgai otsailaren 25era bitartean:
- Farmazabal: Anna Atkins, botanikaria eta lehen emakume argazkilaria.
- MGS aseguruak: Jone Uria Albizuri, matematikaria eta bertsolaria.
- Casa Astigarraga gys sport: Charlotte Hym, neurozientzialaria eta kirolari olinpikoa.
- Cristina García. Estetika eta Terapia Naturalak: Marta Macho Stadler, matematikaria, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea.
- Nalai oinetakoak: Mary Winston Jackson, matematikaria, fisikaria eta ingeniari aeroespaziala.
- Karkizano: Matilda Joslyn Gage, idazlea, aktibista abolizionista, sufragista.
- Eizaguirre okindegia: Naima El Bani Altuna, paleozenografoa, sedimentologoa eta geologoa.
- Pitxintxu: Nerea Pagaldai Agiriano, biologoa, animalien portaeran espezializatua.
- Iriondo kirolak: Teresa Del Valle Murga, gizarte-antropologoa.
- Iriondo kirolak: Timnit Gebru, ingeniari elektrikoa eta adimen artifizialaren ikertzailea.
- Ecenarro: Vandana Shiva, fisikan doktorea, aktibista ekologista eta ekofeminista.
- Ortosarasketa: Wanda Diaz-Merced, astrofisikaria.
- Colchoneria lagunak: Jone Uria Albizuri, matematikaria eta bertsolaria.
- Agurtzane ileapaindegia: Marta Macho Stadler, matematikaria, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea.
- Olaia Martínez estetika zentroa: Teresa Del Valle Murga, gizarte-antropologoa.
- Biok dekorazioa s.l.: Nerea Pagaldai Agiriano, biologoa, animalien portaeran espezializatua.
Alkateak ekimenaren aurkezpenean adierazi zuen herriko emakumeen eta merkatarien lana balioan jarri eta ikusaraztea dela egitasmoaren helburua. “Are gehiago zientzia alorrean. Zientziak ere eraikiko du gure etorkizuna eta Elgoibarren badugu hazi hori”.
Erakusleihoak apaintzeaz gain, ikastetxeetan ere landu dute emakume zientzialarien gaia 10 eta 13 urte arteko neska-mutilen artean zientziarekiko interesa suspertzeko. Horretarako Bizilabeko emakume zientzialariak eta ingeniari elgoibartarrak izan dituzte aldamenean, “modu horretan gertuan ere emakume zientzialariak badaudela bistaratzeko eta nerabeak ere zientziara gerturatzeko” esan zuen Maialen Gurrutxaga zinegotziak.
Ekimemenaren harira jendaurrean Jone Uria matematikari eta bertsolariaren zenbaki eta buruketa matematikoak eredutzat hartuz, Bizilabeko nerabeek hainbat esperimentu egin zituzten. Ekitaldira bildutako hainbat laguni zenbakiak pentsatzeko eskatu eta kartak erabiliz zein batuketa, biderketa edo zatiketekin asmatu egin zituzten besteek gogoan zituzten zenbakiak. Horrela, erakutsi zuten, besteak beste, zientziek badutela jolaserako txoko bat ere.