Doktorego tesiak zuzendu, ikerketa-proiektuetan parte hartu du, zientzia artikuluak idatzi eta zientzia kongresuetan parte hartzeaz gain nazioarteko bi patenteren titularra da. Otsailaren 11 da gaur, Emakume Zientzialarien Eguna, zientziaz eta emakumeen jardunaz jarduteko eguna.
• Biologia ikasketak egin zenituen EHUn eta irakasle zein ikerketa arloan bide luzea egin duzu zientzian. Nola hasi zinen Biologia ikasten?
COU ikasten ari nintzela kimika eta biologia izan ziren gehien gustatu zitzaizkidan ikasgaiak, beraz, unibertsitatean, Leioan, biologia ikasten hasi nintzen eta biokimikako adarra aukeratu nuen gero. Lizentziaturako bigarren maila egiten ari nintzela irakasle batek laborategiko lana egitea proposatu zidan eta gero tesia egin nuen. Ondoren Cambridgeko unibertsitatean egin nuen doktoretza osteko egonaldia eta itzulitakoan, irakasle lanetan jardun ostean, katedradun naiz gaur egun. Irakasle lana fakultatean egiten dut eta biofisikan ikerkuntzak egiten ditut.
• Gaur egungo zure jarduna zertara bideratuta dago?
Ikerketa talde baten arduraduna naiz eta nire eginbeharren artean ikasleen formakuntza zientifikoa dago eta proiektuen bidez ikerketa egiteko finantzazioa lortzea. Ikerkuntza proiektuak garatzeko baliabideak, dirua eta pertsonak behar dira. Normalean tesia egin nahi duten ikasle onenak lortzen saiatzen gara. Gure lana da ikasle horien eguneroko lana antolatzea, esperimentuak proposatzea, emaitzak interpretatzen laguntzea eta lortutako emaitzak komunitate zientifikora zabaltzea artikuluak publikatuz. Zientzia arloan finantziazioak lortzea ez da batere erraza eta gure arloa oso konpetitiboa denez are zailagoa.
• Zein da zure taldearen ikerketa-lerro nagusia?
Bakterio patogenoek ekoizten dituzten toxina proteikoak aztertzen ditugu.
• Biofisikak eta biokimikak medikuntzarekin lotura du. Zein eragin dauzkate zuen ikerketek osasunean?
Guk egiten dugun ikerkuntza oinarrizkoa da, baina emaitzak epe luze batera aplikazio zuzenagoetara bideratu daitezke edo beste ikerlari batzuen ikerketetan lagun dezakete. Gure kasuan ikusi dugu aztertzen ari garen toxinak itu-zelulen mintzetara lotzeko kolesterolaren beharra daukala. Kolesterola animalia-zelula guztietan dagoen osagai ugari eta garrantzitsua da, eta toxinez gain, zenbait birusek, GIB birusak esaterako, edo Covid gaixotasuna sortarazten duen SARS-Cov2 berak ere, kolesterola erabiltzen dute zeluletara lotu eta barneratzeko. Beraz, lotura hori eragotzi dezaketen mekanismoak ezagutu edo aurkitzeak toxina eta baita birusen efektu kaltegarriak ekiditeko bide alternatiboak zabaldu ditzake. Orain laborategian aztertzen ari gara nola saihestu daiteken gure toxinaren batura bere itu-zeluletako mintzetara, eta horretarako kolesterolari espezifikoki lotzen zaizkion peptido edo proteina zati txiki batzuk probatzen ari gara. Azken helburua toxinen ekintza mekanismoa ezagutzea da eta hor zelularen mintzak izan dezakeen garrantzia.
• Azterketetarako hainbat metodologia erabiltzen dituzue, ezta?
Bai. Mikroskopia elektronikoa, fluoreszenzia, kalorimetria, mikroskopia... teknika biofisikoak batez ere. Horregatik gaude Biofisika Institutuan eta teknika biokimikoak ere erabiltzen ditugu ulertzeko elkarrekintzak.
• Biofisika Institutuan zientzialari asko zaudete lanean?
Zentrua eta eraikina nahiko berriak dira, Leioako kanpuseko parke zientifikoan gaude, baina bertan gaudenetako ikerlari asko lehenago Zientzia fakultateko Biokimika sailetik gatoz. Gaur egun 80 pertsona inguruk dihardugu lanean; 25 inguru iraunkorrak eta gainontzekoak doktoretza bueltako ikerlariak eta beste programa batzuen bitartez etorriak.
• Orain zein proiektu daukazu esku artean?
Orain bereziki aztertzen ari gara kukutx eztula (tosferina) gaixotasunean inplikatuta dagoen proteina batek zelula immuneetara lotu ostean nolako kalteak eragiten dituen, eta proteina-zelula elkarrekintza horretan mintzetako kolesterolak duen eragina. Horrelako proteina toxiko baten ekintza-mekanismoa argitzea eta ezagutzea epe luzerako helburua da, eta gurea sendagai bat bilatzeko oinarrizko lehen urratsa da, baina beharrezkoa, izan ere, bide terapeutiko berriak garatu ahal izateko prozesuak ezagutzea eta ulertzea ezinbestekoa baita.
• Bi patenteren titularra ere bazara, ezta?
Oinarrizko ikerkuntzan patenteak aplikazio zuzenak izan beharrean patente intelektualak izaten dira. Hortik merkaturako bidea oso luzea izango litzateke. Gurean ideiak daude jasota.
• Gaur, otsailak 11, Emakume ZIentzialarien Eguna da. Zuretzat zer da ospakizun ala aldarrikapen eguna?
Biak. Agerian jarri behar diren beste hainbat adarrikapenetarako ere egunak zehaztu dituzte eta zientzian, beste edozein lanbidetan bezala dauden erronkak gizartean dauden erronka eta gabezien islada bera dira. Beraz, alde batetik poztasuna adierazi behar da, izan ere, nire aurretik zientzian jardun zuten beste emakume batzuen biografiak irakurrita ikusten dut nire aldean zailtasun gehiago izan zituztela eta nik gutxiago izan ditudan bezala espero dut ondorengoek are gutxiago izatea. Baina aldarrikapena ere beharrezkoa da jarraitzen dugulako urte luzetan zailtasun berberak izaten. Besteak beste finantziazio falta eta langileen prekarietatea. Esaterako tailer batean langileak ardurapean dituztenek haiek lan egitea nahi badute normalena da behar dituzten tresnak ematea. Gure kasuan guk lortu behar ditugu tresnak eta finantziazioa bestela ez daukagulako zer eman langileei.
• Emakumeentzako zailtasun gehiago dago?
Orokorrean denentzat da zaila, baina emakumeok zailtasun gehiago izaten ditugu: amatasuna, kontziliazioa... eta horrek zaildu egiten du berez erraza ez den bide profesionala garatzea edota kargu postuetara iristea.
• Eremu zientifiko-teknologikoan gero eta emakume gehiagok diharduzue. Hala ere oraindik zaila da emakumeen lana agerian jartzea?
Badira urte batzuk karrera zientifiko-teknologikoetan gero eta emakumezko gehiago matrikulatu arren gero ibilbide hori lehenago uzten dutenak. Zientziak duen zailtasun handietako bat da karrera oso luzea dela eta oso konpetitiboa. Beraz, lan finko bat lortzeko proiektuak lortu behar dira, norbere lan zientifikoak argitaratu... Horrelako lan asko egin behar dira urte tarte luze batean eta askotan amatasunarekin bat egiten du eta batzuetan ez da bateragarria izaten. Beraz, karga bat izaten da batzuek karrera zientifiko hori alde batera uzteko eta beste bide batzuk hartzeko.
• Zein zientzia alorretan dihardu emakume gehiagok?
Biomedikuntzan emakume asko gaude. Orokorrean beste alor batzuetan, kirolean esaterako, nesken taldeak ikustea arraroa zen eta orain gero eta gehiago daude, beraz, aurrera egin dugu eta zientzian ere berdina gertatzen ari da.
- ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariko 1232. zenbakian -PDF-