Mendiko kiroletan emakumeen presentzia ikusaraztea helburu duen argazki erakusketa ikusteko aukera izango da Elgoibarren

Barren.eus 2022ko ots. 14a, 10:37

Jon Martínez Ibarra argazkilariren Mendia emakumetasunetik izeneko erakusketa ekarriko dute Elgoibarrera, martxoaren 8aren harira antolatutako ekimenen barruan. Argazkilariaren berbetan, ez da justizia sozialeko proiektu bat, ezta diskurtso feminista bat ere; mendiko kiroletan emakumeen presentzia ikusarazteko modu bat baizik.

Mendiko kirolena "ia beti irudi maskulino batek ordezkatzen duen mundu bat" dela dio Jon Martinez argazkilariak. Bere ustez, emakumeak mendian egotea normala da, eskalada, alpinismoa edo mendiko eskia praktikatzen baititu haiekin.

Elkarbizitza horretatik eta emakumea bigarren mailan uzten zela ikustetik sortu zen proiektu honen ideia. Ez bakarrik existitzen direla erakusteko, baizik eta, protagonistak izateaz gain, batzuk erreferenteak direla erakusteko. Ezagutzen ez den egia eta errealitatea erakustea da Mendia emakumetasunetik erakusketaren helburua.
Martxoaren 4tik 13ra bitartean egongo da ikusgai Elgoibarko Kultur Etxeko erakusketa gelan. Gainera, argazkietako zenbait protagonistek (Sonia Casas, Ane Hernani eta Oihana Azkorbebeitia) bisita gidatua eta solasaldia emango dute, martxoaren 10ean, 19:00etan. Sarrera librea izango da, eta antolatzaileek parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Haizea Emakume Taldeak antolatu du erakusketa beste hainbat eragileren laguntzarekin.

Erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era.

2022 02 14 mendia emakumetasunetik erakusketa kartela 980x1400