Zehazki, hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra eman eta aitortza publikoa egingo die Mankomunitateak. Gaur, hilak 14, hasiko dira saltokietara bisitak egiten.
Iazko urrian azalera handiko saltokietan egin zen lanketaren jarraipena izango da orain saltoki txikietan egingo dutena. Saltoki handiei dagokionez, mankomunitateko ordezkariek bisitatu zituzten 37 saltokietatik 34k lortu zuten “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra, hondakinak gaika birziklatzeko ohitura egokiengatik. Mankomunitateak saltoki bakoitzaren gaikako bilketaren datuak lortu zituen, eta jakinarazi dutenez, datu horiek oso baliagarriak izango dira etorkizunean gaikako bilketa hobetzeko eman beharreko urratsak identifikatzeko.
• 214 saltoki txiki
Aurten, aldiz, azalera txikiko saltokietan jarriko dute fokua. Eskualdean dauden saltoki txikien kopurua handia denez, elikagaien sektoreko saltoki txikietatik hasiko da Mankomunitatea, "hondakin kopuru gehiena" sortzen dutenak direla-eta. Guztira elikagaiak saltzen dituzten 214 saltoki txiki identifikatu ditu Mankomunitateak: fruta dendak, janari dendak, okindegiak, arraindegiak, harategiak, e.a.
• Saltokietara bisitak
Azalera txikiko saltoki horiek gaikako bilketarekiko duten konpromiso maila neurtuko du Mankomunitateak, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Horretarako, Mankomunitateak hiru bider bisitatuko ditu saltokiak. Lehen bisitan egitasmoaren nondik norakoak emango dizkiete, eta hurrengoetan birziklapen ohituren jarraipena egingo dute. Bisitak gaur, otsailak 14, hasiko dira. Mankomunitateak eskuorriak ere prestatu ditu saltokiei egitasmoa azaltzeko eta informazioa helarazteko.
• “Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra
“Hemen ondo birziklatzen dugu” ikurra emango die Mankomunitateak hondakinak modu egokian banatzen dituzten saltokiei, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri gisa, eta aitortza publikoa egingo zaie: azken bisitaren ondoren, ikurra lortu duten saltokien zerrenda argitaratuko dute Mankomunitatearen webgunean, eta saltoki bakoitzari sarrerako erakuslehioan ipintzeko pegatina bat emango diote, bezeroek ere saltokian birziklapen ohitura egokiak errespetatzen direla jakin dezaten. Ondoren, maiztasun batekin, saltokien birziklapen ohituren jarraipena egingo dute, "egoki birziklatzen jarraitzen dutela bermatzeko".
Azaldu dutenez, egitasmoaren beste helburuetako bat eskualdeko saltokiengana gerturatzea eta haien beharrak eta iradokizunak entzuteko bideak zabaltzea ere bada. “Hondakinak modu egokian birziklatzeko dituzten beharrak entzun eta aintzat hartuko dira, eta erraztasunak emango zaie hondakinak gaika biltzeko”, adierazi dute Mankomunitateko arduradunek.