Iker Calvok urrezko lau domina eskuratu zituen Gipuzkoako Neguko Txapelketetan

Barren.eus 2022ko ots. 15a, 11:43

Iker Calvo igerilaria izan zen protagonista nagusietakoa Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketan, lehiatu zen banakako proba guztiak irabazi baitzituen.

Bergarako Agorrosingo igerilekuan jokatu zuten Gipuzkoako Neguko Igeriketa Txapelketa, bi jardunalditan, joan den otsailaren 5ean eta 6an. Infantil, junior zein maila absolutuan, hamabost klubetako 226 igerilari aritu ziren lehian modalitate zein luzera askotariko probetan. Iker Calvo igerilari elgoibartarrak Eibar Igerixan taldearekin hartu zuen parte eta lehiatu zen proba guztietan gailendu zen, infantil mailan. Tximeleta, bular eta libre erako 100 metroko probak irabazteaz gainera, 200 metro libretako proban ere bera izan zen azkarrena. Ikerren arreba Paulak ere hartu zuen parte txapelketan, eta zilarrezko eta brontzezko domina bana eskuratu zituen erreleboetako nesken taldearekin. 4x200 libreetako erreleboan txapeldunorde izan ziren, eta hirugarren egin zuten 4x50 estiloetakoan.

Azkenik, lau estiloetako 4x100 errelebo mistoen proban taldekide izan ziren Iker eta Paula neba-arrebak eta brontzezko domina lortu zuten.

Eibar Igerixan kirol-taldeko 14 igerilarik hartu zuten parte txapelketan, eta guztien artean 20 domina eskuratu zituzten: lau urrezkoak, sei zilarrezkoak eta brontzezko beste hamar. Emaitza horiei esker hirugarren postua lortu zuten taldekako sailkapen orokorrean.

2022 02 15 iker calvo podium bergara arg eibar igerixan taldean

 Txapelketako laburpen-bideoa goiena.eus-en: