Bi sarrera bikoitz zozkatuko ditugu Ines Osinagak eta Joseba Sarrionandiak Soraluzen emango duten ikuskizunerako

Barren.eus 2022ko ots. 15a, 13:14

Ines Osinaga musikariak eta Joseba Sarrionandia idazleak 'Olatu arteko txalupa arraroa. Kantak eta berbak' ikuskizuna emango dute barikuan, otsailak 18, Soraluzen. Debabarreneko Komunikazio Taldeak (DKT) hainbat sarrera zozkatuko ditu eskualdeko toki komunikabideetan. 19:00etan izango da, Soraluzeko antzokian. 

Debabarreneko Komunikazio Taldeak eskuratutako bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu BARRENek emanaldira joateko. Zozketan parte hartzeko epea eguenean (otsailak 17) amaituko da, 12:00etan. Irabazleen izenak 13:00etan jakinaraziko ditugu barren.eus-en.

Era berean, emanaldirako sarrerak salgai daude Soraluzeko Iratxo goxodendan, eta Soraluzeko Udalera deituta ere erreserba daitezke sarrerak (943 753 043).

“Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Habanan sortu zituen dozena bat testu, Atlantikoa zeharkatu eta Euskal Herrira heldu zirenak eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”, dio emanaldiaren berri ematen duen testuak. Izan ere, duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letra horiekin sortu zuten Gosariak proiektua Iurretako idazleak eta Osinaga musikari arrasatearra buru duen Gose taldeak. Orain, Sarrionandia Euskal Herrian dela baliatuta, idazleak letra horien jatorria eta zergaitia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagundutako emanaldian.
 • “Idazle izoztua Euskal Herrian da”
“Testuok gure eskuetara iritsi ziren eta guk kantu egin genituen. Habanan jaio eta Euskal Herrian hazi ziren kantuok tabako, ardo ta kanelaz. Orain, urteak pasa direla, eta gauzak aldatu direla, kamarada, idazle izoztua Euskal Herrian da, eta, kantuok hartu ditugu berriro esku artean”, dio aurrerago aurkezpen testuak. Badira hilabete batzuk Sarrionandia Euskal Herrira itzuli zela (Durangaldeko Anboto komunikabideak iazko apirilean jakinarazi zuen idazlea Iurretan zela) eta harrezkero, zenbait kultur emanalditan parte hartu du, esaterako, Jon Maiaren 'Kantu bat gara' emanaldian. Ines Osinagarekin batera osatu duen ikuskizunari dagokionez, berriz, estreineko emanaldia urtarrilean eskaini zuten Ea herrian, "Ea, H-a galdu zuen… erria" poesia jaialdian.

Ikus hemen ikuskizunaren inguruan aiaraldea.eus toki komunikabidekoek Ines Osinagari eginiko elkarrizketa.