Dagoeneko garbitu dute Giza Eskubideen parkean dagoen jolas parkeko lurra (beheko argazkian), eta bariku honetan, otsailak 18, San Pedro 12-14 zenbakien arteko parkea garbituko dute. Datorren astean, berriz, Erretxundi eta Sigmako jolas parkeak garbituko dituzte. Biondo Garbia enpresa ari da garbiketa lanok egiten.
Udalak adierazi du hainbat ekintza bultzatzen ari direla haurrak udalerriko "partaide aktibo" senti daitezen, eta kalitatezko eta garbiak dauden eremu publikoez goza dezaten. Parkeetako kautxuzko lurzoruak mantentze-lan eta garbiketa jarraituak behar dituela azaldu dute. Era berean, Udala, eragileekin era partekatuan, Elgoibarko haur-parkeen mapa berritzen ari da, "beharrezko berrikuntzak, mantentze-lanak, garbiketa... baita egitura berrien beharra, batzen dituen egutegi zehatza egiteko”.