• Betidanik izan zara kirol zalea, ezta?
Txikitatik kirol guztiak gustatu izan zaizkit. Motoan eta bizikletan ibiltzen nintzen, mendian gurasoekin eta baita atletismoan ere. 14 urterekin futbolean hasi nintzen eta 11 urte eman ditut futbolean, beti ere mendiarekin tartekatuz. Orain bizikletan ere ibiltzen naiz, eskiatzen dut, eskalatu ere, eta noski, mendi lasterketetan hartzen dut parte. Orain mendiarekin lotutako kiroletan nabil, batez ere.
• Mendi lasterketetan nola hasi zinen?
Anaiarekin eta mutil-lagunarekin sarritan komentatu izan nuen Goierriko Bi Handiak mendi lasterketan parte hartzearen kontua, eta 2016an animatu egin ginen. Proba prestatzen hasi ginen, aurrez, inguruan mendi lasterketa laburragoak eginez. Gustatu zitzaizkidala eta gaizki ez nenbilela ikusita horrelako lasterketekin jarraitu nuen. Geldi ez naiz inoiz egon, beti aritu izan naiz kirolean. Lanean spinning eskolak ematen nituen eta orain eskola kiroleko begirale ere aritzen naiz.
• Nolako lasterketak egiten dituzu?
Denetarikoak. Azken urteetan 30-40 kilometro ingurukoetan korrika egin dut batez ere eta gustatu izan zait, egutegiak utzi izan badit behintzat, lasterketa luzeagoren bat egitea, Ultraren bat-edo.
• Goierriko Bi Handietan hasi eta gerora makina bat lasterketatan aritu zara. Zer da zuretzat mendi lasterketetan korrika egitea?
Azken urteetan bidaiatzeko eta jende asko ezagutzeko aukera eman didan kirola izan da. Hemen inguruko lasterketak asteburua pasatzeko eta leku berriak ezagutzeko aitzakia ere badira eta kanpora joan izan naizenetan leku asko ezagutu ditut eta baita lagun asko egin ere. Kirolari dagokionez, mendian korrika egitea gustuko dudan zerbait da. Asfaltoan pare bat lasterketa egin ditut baina ez zait gustatzen. Entrenatzeko ere derrigortuta jarduten naiz asfaltoan. Mendian erritmoak ezberdinak dira. Asfaltoan konstantzia da oinarrizkoa. Bestalde, lesioei dagokienez ez nabil oso fin eta mendiak aukera gehiago ematen dit korrika egiteko, asfaltoak artikulazioak mintzen dizkit.
• Konstantzia entrenamenduetan beharrezkoa izango duzu, ezta?
Nire kontura entrenatzen hasi nintzen eta gero, selekzioan sartu nintzenean Jokin Lizeagaren laguntza eduki nuen. Asteburuetan irteera luzeak egin ditugu, korrika ezezik, baita bizikletaz ere. Astean zehar gimnasiora joaten naiz, astean behin asfaltoan ere egiten dut korrika, eta gainontzean mendira joaten naiz. Karakate aldera jotzen dut asko, baina orain Sigmako lantegi batean lan egiten dudanez, Moru inguruan ere egiten ditut entrenamenduak. Irimo aldean ere oso gustura ibiltzen naiz, baina aspaldian ez naiz hara joan. Bazkaltzeko tartean entrenatzen dut eta libre ditudan beste tarte guztiak ere aprobetxatzen ditut kirola egiteko, beraz, ezin naiz asko urrundu. Denboraldia bukatzean ere ez diot kirola egiteari uzten, baina orokorrean mendira korrika joatea aisialdiko jarduera bat gehiago da niretzat. Bada denboraldia erreta bukatzen duenik, baina niri ez zait gertatzen; denboraldia bukatzen denean gehiagorako gogoz gelditzen naiz.
• Anaiarekin eta mutil-lagunarekin hasi zinen horrelako lasterketetan eta gaur egun ere taldean jarduten duzu. Beharrezkoa da inguruan lagunduko zaituen talde bat izatea?
Bai, noski. Anaiarekin eta mutilarekin hasi nintzen, baina gurasoek lasterketa guztietara laguntzen zidaten. Espainiako Kopan, esaterako, gurasoak lasterketa guztietara joan ziren eta hori eskertzekoa da. Euskal Herriko selekzioan taldea osatu genuen eta selekzioak utzi didan gauzarik onena lagun taldea da, orain utzi dugun arren. Lasterketak bakarkakoak dira, baina asteburuetan ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin.
• Lasterketen errepasoa egin beharko bazenu...
Espainiako kopan hirugarren izan nintzen 2018an; urte horretan bertan Zermaten (Suitza), Munduko kopako lasterketan, eta Hiru Handietan hirugarren postua eskuratu nuen. 2021ean Munduko Kopan bosgarren tokian sailkatu nintzen eta lasterketetako bat irabazi ere egin nuen.
• Badago lasterketarik bereziki gustatzen zaizunik?
Alpeetan egiten direnak oso politak dira eta Zermatekoa bereziki gustatzen zait, lehenengo urtean hirugarren postua lortu nuelako eta oporretan izanik hango txokoak ezagutzeko aukera ere ematen didalako. Japoniarako bidaia ere sekulakoa izan zen, 2019an. Munduko kopa egin nuen urte horretan, baina txapelketaren erdian lesionatu egin nintzen eta ez nuen bukatu. Gertuan ere egiten ditut, noski. Karakateko igoera bai, baina ez zait gustatzen: bertikalak oso motzak dira eta jaitsierarik gabeak, eta nik jaitsieran gehiago gozatzen dut. Hala ere egoten den giroarekin egun polita izaten da. Aloñakoa gustuko dut eta Urretxukoa ere, han bizi izan nintzelako. Luzeetan Hiru Handiak, Goierriko Bi Handiak, Leitzako mendi erronka edo Zegamakoa. Azkena entzutetsua da, baina bi urtetan ez zait ondo atera eta gozatu baino, sufritu egin dut. Munduko kopako lasterketetan ohitu naiz azken aldian eta oinez egitekoak dira, aldapa gogorragoekin. Ez dut esan nahi Zegamakoak ez direnik, baina han korrika gehiago egiten da. Niri aldapa gogorrak gustatzen zaizkit, oinez igotzekoak, eta Zegaman korrika egiteko kilometro asko daude.
ELKARRIZKETA osorik BARREN aldizkariaren 1233. zenbakian -PDF-