Edukiontzi kanpoan hondakin poltsak lagatzen dituztenekin neurriak hartzen hasi da Mankomunitatea

Barren.eus 2022ko ots. 18a, 14:05

Edukiontzi kanpoan hondakin poltsak lagatzeagatik lau zigor expediente ireki dituzte azken hilabeteetan, Debabarreneko Mankomunitateak jakinarazi duenez. Ohartarazi dute egunero 1.000 kilo hondakin batzen dituztela edukiontzi kanpoetan lagatako poltsetan.

Edukiontzi kanpoan hondakin poltsak lagatzen dituztenekin neurriak hartzen hasi dela jakitera eman dute Mankomunitateko arduradunek. Bi datu eman dituzte. Batetik, egunero 1.000 kilo hondakin batzen dituztela edukiontzi kanpoetan lagatako poltsetan, eta 2021eko urritik hona lau zigor espediente zabaldu dituztela. Gaineratu dute hainbat kexa jaso dituztela herritarrengandik.

Espediente zigortzaileei dagokienez, lau zabaldu dituzte, udaltzaingoek egindako atestatuei jarraituta, eta bi establezimenduk jaso dute zigorra, horietako batek birritan, eta pertsona partikular bat ere zigortu dute hondakin poltsak edukiontzien kanpoan lagatzeagatik.

Halaber, esan dute horrako horiek hartzen diren lehen neurriak izanik, “leun” jokatu dutela, “abisu moduan”, baina ohartarazi dute jokabide desegoki horiek erantzuna izango dutela hemendik aurrera, eta 200 euroko isuna ezartzea ekar dezaketela.

Herritarrek helarazitako kezken arabera, berriz, edukiontzi kanpoetan lagatako hondakin poltsek ingurua zikintzen dutela kexu dira eta herrietako zenbait kaleetan ibiltzea “esperientzia desatsegin” bihurtzen dela diote.

2022 02 18 2021 02 11 errefusa edukiontzi grisa gainezka urazandi elgoibar barren 1