Otsaileko hirugarren domekan jokatzen dute Antzuolako Zortzi Miliak mendi lasterketa, 2013an sortu zutenetik. Iaz pandemiagatik jokatzeke gelditu ostean, joan den domeka honetan jokatu dute lasterketaren bederatzigarren ekitaldia izan dena. Denboraldiko lehenengotariko lasterketa ofiziala izanda, lehiatzeko irrikaz zeuden mendi lasterkariak, eta 300 antxitxikarik hartu zuten parte. Ibai Larrea antzuolarra izan zen azkarrena gizonezkoetan. Gainera, ordubete, bi minutu eta 52 segundoko denbora eginda probako errekorra ondu zuen.
Emakumezkoetan, Maite Maiora mendaroarrak ez zuen aurkaririk izan eta lasterketa guztia bakarrik egin ostean, bigarrenarekiko abantaila handiarekin ailegatu zen helmugara, Antzuolako plazara. Ordubete, 19 minutu eta 26 segundoko denbora eginda, sei minutuko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Ane Zabala arrasatearrari.
Probako ibilbidea "asko" gustatu zaiola azaldu zuen Maiorak. "Oso lasterketa polita da eta, gainera, garai hauetan ondo dator, martxa hartzen joateko".
Antzuolako Zortzi Miliak lasterketak 13,83 kilometroko ibilbidea du, eta 836 metroko desnibel positiboa. Antzuolako Herriko Plazan hasi, Irimora igo, Trekutzetik igaro eta hasitako tokian bukatzen da Antzuolako Udalak antolatzen duen mendi-lasterketa.