Lezoko Gurutze Santuaren plazatik abiatu ziren antxitxikariak eta 14,2 kilometroko ibilbide gorabeheratsua osatu ostean, irten ziren lekura itzuli ziren, helmuga ere han baitzen. Ander Iñarra lezoarra izan zen azkarrena, 1:07:00-ko denborarekin, baina ezin izan zuen ondu berak ezarritako probaren errekorra (1:04.02).
Emakumezkoetan Mayi Mujika zen lasterketa irabazteko faborito argienetarikoa eta pronostikoak bete zituen garaipena eskuratuta. Morkaiko mendi taldeko ordezkariak ordubete, 18 minutu eta 21 segundoan osatu zuen ibilbidea, xirimiriarekin eta behelainoa artean antxitxika aritu eta gero. Nikaraguar jatorriko Mariana Gomez donostiarra sailkatu zen bigarren postuan (1:21:04) eta Lurdes Oiartzabal lezoarra hirugarrengoan (1:24:51).
∞Lotura duten albisteak: