Alcorta Forging Group taldeak 25-20 irabazi zion Ereintza Besissier taldeari, zapatuan Olaizaga kiroldegian jokatutako neurketan. Urtea hasi zenetik etxean jokatzen zuten bigarren partida zen Zigor Esnaolak entrenatutakoentzat, eta zaleen babesa lagun, etxekoek lortu zituzten bi puntuak. Partida "bizia" izan zela azaldu dute taldeko arduradunek, eta lehen minutuetan urduriegi egon zirela kantxan. Minutuak aurrera joan ahala, baina, lasaitasuna berreskuratu zuteln, eta euren ohiko jokoa egitea lortu zutenean eman zioten buelta lau goleko desabantailari. Atsedenaldira hamarna berdinduta ailegatu ziren. "Bigarren zatiari, defensa indartsu batekin ekin genion, eta garaiperen bidean jarri gintuen ahalegin horrek", azaldu dute. Partidaren amaiera adierazten zuen txirrinak jo zuenean bost goleko aldea erakusten zuen markagailuak, 25-20, etxekoen alde.
Hala, lau punturekin amaitu du Alcortak igoera faseko lehen itzulia, etxean jokatu dituen bi partidak irabazi eta kanpoan jokatutako hirurak galduta. Bigarren itzulia itxaropentsu hasiko dute, azkena lortutako garaipenari esker, eta falta zaizkien bost partidatatik hiru etxean jokatu beharko dituztelako. Aurrenekoa datorren martxoaren 5ean, Legazpiko Lau Bide Jatetxea taldearen aurka. Legazpiarrak Alcorta baino postu bat beherago daude igoera faseko sailkapenean, bosgarren postuan, bi punturekin.
• Gaurvek amore eman behar liderraren aurka
Denboraldi honetan partidarik galtzea zer den ez dakien Ohorezko Zilarrezko Mailako liderraren, Atarrabiako Gurpea Beti Onak taldearen, bisita jaso zuen Gaurve Asesoresek, zapatuan, Olaizaga kiroldegian. Etxeko taldea ez zen kokildu eta hamalaunako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian ere parekatua izan zen norgehiagoka, eta amaierarako bost minuturen faltan argitzeke zegoen nork eskuratuko zuen garaipena. "Erasoan zein defentsan guk baino hobeto kudeatu zituzten azken bost minutu horiek, eta ezin izan genien irabazi", azaldu dute. Talde nafarrak hiru goleko errentarekin, 25-28, irabazi zuen partida. Hala, Beti Onakek, jokatu dituen hogei partidak irabazi ditu denboraldi honetan, eta zazpi puntuko aldea ateratzen dio orain bigarren sailkaturi, bere partida galdu baitzuen Grafometal La Riojak. Gaurve sailkapeneko bederatzigarren postuan dago, 12 punturekin. Hurrengo jardunaldian, eurak baino postu bat gorago sailkatuta dagoen NAIBC San Adrian taldea izango du aurkari Gaurvek, Bilbon, otsailaren 26an.
Sanloko taldeek azken jardunaldian lortutako emaitzak eta datorren jardunaldiko partiden berri HEMEN.