Infantil mailako 50 bat futbol talde lehiatu dira Gipuzkoako Txapelketan, sei multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek eta hirugarren sailkatu onenek lortu dute Ohorezko infantil mailara igotzea. Elgoibarko taldeak bigarren postuan amaitu du bere multzoan. Elgoibartarrek Urola taldea izan dute aurkari nagusia, eta haien kontrako bi partidak bakarrik galdu dituzte. Gainera, partida parekatuak izan zirela eta detaile txikiengatik erabaki zirela azaldu du taldeko entrenatzaile Iker Martinezek.
Mikel Hidalgorekin batera aritu da Martinez entrenatzaile lanetan eta denboraldi hasieran erritmoa hartzea kosta zitzaiela azaldu du. "Joan zen udan taldearen ardura hartu genuenean, pandemiagatik inoiz lehiatu gabeko taldea zela gogora ekarri behar da, eta sekula hamaika hamaikaren aurka jokatu gabea, ordura arte zelai erdian aritzen baitziren, zortzi jokalari zortziren aurka. Hortaz, euren ikuspegitik aurten hasi dira futbolean jokatzen, horrela ikusten baidute telebistaz. Hasieran kosta egin zitzaien espazio berrira ohitzea, eta zelaian izan behar duten kokapena lantzeaz gainera, mugimendu berriak ikasi behar izan zituzten". Ikaste prozesu horretan zeudenean emaitzak ez zirela onak izan dio Martinezek, baina poliki-poliki aldaketok barneratu, eta emaitzetan ere igarri zen. "Partidak irabazten hasi ginen, eta hamabi urteko umeei ere ilusioa egiten die irabazteak, baina guk argi dugu heziketa dela gure zeregin nagusia, partidak irabazita gustorago aritzen direla ukatu gabe. Guraso batzuek futbolean ondo jokatzen dutela ere esan digute eta asko pozten gaitu horrek, beldurrik gabe aritu daitezela eta futbolaz goza dezatela nahi dugulako", esan du Martinezek.
Hurrengo denboraldian Reala, Eibar edo Antiguoko taldeen infantil mailako taldeak izango dituzte aurkari, eta horrelako talde ezagunen kontra jokatzeak ilusio berezia egiten die jokalari gaztetxo hauei. "Maila honetako Gipuzkoako talde onenen aurka jokatuko dute eta hori beti da pizgarri bat".
Hala ere, oraindik ez da denboraldia amaitu Infantil Txiki taldearentzat. Ohorezko mailara igotzea lortu duten talde guztiek hartuko dute parte txapelketa batean, lau multzotan banatuta jokatuko den ligaxkan.