Era berean, Elgoibar ikastolako ikasleek euskal inauteria irudikatuko dute barikuan kaleetan. Haur Hezkuntzakoak Maalan 14:45etik 15:15era bitartean eta Lehen Hezkuntzakoak Kalegoen plazan 15:15etik 16:30era artean. Eguraldi txarra bada, Ikastolan egingo dute.
Gauerako, aldiz, Sinüosek Inauterietako XXVI. Kontzertua emango du Kultur Etxeko sotoan (23:00).
• Mauxitxa txaranga eta buruhandiak
Bestalde, zapaturako ez zegoen ekitaldirik iragarrita kalean Inauteriak ospatzeko, harik eta aste honetan hainbat jarduera prestatzea erabaki duten arte. Zapatuan, otsailaren 26an, mozorroek ezezik, musikak girotuko ditu Elgoibarko kaleak eta umeek jolaserako aukera ere izango dute. Izan ere, erraldoiak (buruhandirik gabe) 17:30ean abiatuko dira dultzaineroen doinuak lagun dituztela. Ondoren, 19:00etan Mauxitxa txarangaren kalejira izango da.
• Kalejira eta disko festa Mendaron
Mendaron ere dantza kalejira egingo dute herrian barrena, zapatuan, 12:30ean Herriko Plazatik abiatuta. 18:00etan, berriz, disko festa eta playbacka egingo dituzte Goñati pilotalekuan Arno Guraso Elkarteak antolatuta.
• Ludoteka eta Gaztelekua
Gaurtik barikura bitartean ospatuko dituzte inauteriak Elgoibarko Ludotekan: eskulanak (maskarak), Inauterietako makillajea eta sukaldaritza. Gaztelekuan, berriz, otsailaren 27an, igandean, ospatuko dituzte Inauteriak. Bertaratzen direnek karaokean abesteko aukera izango dute.
Mendaroko ludotekan joan den asteburuan egin zituzten cluedo role play eta mozorro lehiaketa eta aste honetan, ostegun eta ostiralean inauterietako apaingarriak egin, aurpegiak margotu eta karetak egiteko tailerra egingo duituzte, eta hala egingo dute otsailaren 28an ere. Mendaroko Gaztelekuari dagokionez, zapatuan, otsailak 26, mozorro argazki-lehiaketa eta merienda izango dira. Martxoaren 1ean, berriz, mozorro desfilea, globoflexia eta jolasak izango dituzte.