2018an martxan jarri zuten Elgoibar Sasoian egitasmoak hiru ardatz ditu: jarduera fisikoa, ahalduntze pertsonala eta Kirol Orientazio Zerbitzua. Azken hori jarriko dute berriro martxan martxotik aurrera, pandemia dela-eta etenda zegoen-eta. Zerbitzu honen helburua sedentarismoari eta inaktibotasunari kirolaren eta jarduera fisikoaren bitartez aurre egitea dela gogora ekarri dute Elgoibar Sasoian zerbitzuaren sustatzaileek, Elgoibarko Udal Kirol Patronatuko eta Gizarte Ongizate Saileko arduradunek.
Elgoibartar orori zuzendutako zerbitzua dela zehaztu dute. Adin guztietako herritarrek jo dezakete zerbitzu honetara bizimodu "aktiboa" izateko aholku bila. Udal Kirol Patronatuko teknikari batek zerbitzu honetara hurbiltzen den pertsona orori, herrian dituen baliabideak erabilita, osasuna hobetzeko aholkuak emango dizkio. Hau da, erabiltzailearen egoera zein den ezagutu eta aztertu ondoren, bizimodu aktiboagoa izateko aholkuak emango dizkio.
Zerbitzua doakoa da eta jarduera fisikorik egiten ez duten edo beraien ohiturak aldatzea nahi duten elgoibartarrek hurbildu daitezke bertara.
Zerbitzua jasotzeko aurretiko zita erabiliko da: Olaizaga kiroldegiko harreran galdetuz, telefonoz (943 744 415) edo emailez: olaizagaharrera@hotmail.es.
• Jarduera fisikoan 141 lagun eta Ahalduntze pertsonaleko saioetan 40
Elgoibar Sasoian egitasmoko beste bi ardatzetan, jarduera fisikoa eta ahalduntze pertsonala, ez da etenik egon eta 2020tik martxan daude. Jarduera Fisikoan 141 lagun ari dira parte hartzen, sei taldetan, eta talde bakoitzak astean hiru saio izaten ditu. Elena Rodriguez eta Jone Garate monitoreen gidaritzapean aritzen dira, Mintxetan eta Olaizagan egiten dituzten saioetan. Ahalduntze Pertsonaleko saioetan, berriz, 40 pertsonek parte hartzen dute. Unai Arrietak gidatzen ditu saioak, martitzenetan.
∞Lotura duten albisteak: