Elgoibartik 10:20ak aldera pasako dira lehendabizikoz txirrindulariak, Mendarora bidean. Ondarru eta Markinatik igaro ostean, San Miguel mendatetik behera pasako dira berriro Elgoibartik (11:30ak aldera), Eibarrera bidean.
Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako hiru txirrindulari lehiatuko dira Udaberri Sarian: Aitor Arranz, Aritz Esanola eta Eneko Ortega. Era berean, Elgoibarko bidegurutzeak zaintzeko boluntarioak behar dituzte elkartekoek domekarako. Laguntzeko prest daudenak elt_txe@hotmail.com idatzita jarri daitezke harremanetan elkartekoekin.
Lagun Taldeko txirrindulariak ez dira geldi egon neguan. Eguraldiak laguntzen ez zuenean aterpean egin dituzte entrenamenduak eta taldekide batzuek pistako probetan ere aritu dira. Eneko Ortegak, esaterako Euskadiko txapelketan hartu zuen parte, eta kadete eta jubenil mailetakoak Gipuzkoako pistako txapelketan lehiatu ziren. Beste batzuek BTT probetan ere hartu dute parte Asteasun eta Itsasondon, eta aurreko asteburuan trialsineko ikastaro batean izan ziren hainbat taldekide Aretxabaletan, bizikleta gaineko trebezia lantzeko.