‘Dolmenen Ibilbidea’ bultzatzeko hitzarmena berritu dute beste bi urterako

Barren.eus 2022ko ots. 24a, 15:16

Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko udalek, Debemen (Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartea) eta Debegesak (Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Sozietatea) ‘Dolmenen Ibilbidea’ kudeatu eta garatzeko hitzarmena berritu dute 2022 eta 2023 urteetarako.

Adostu duten lankidetza hori 2010ean sortu zen, Elosua-Placencia estazio megalitikoari eta haren inguruneari balioa emateko proiektu bat abiarazteko konpromisoarekin, ardatz nagusitzat honako hau hartuta: Dolmenen ibilbidea - la Ruta de los Dolmenes izeneko bidezidor tematikoa.

Sustatzaileek gogora ekarri dutenez, proiektu honen helburu nagusia gune honen interes kultural eta naturala aprobetxatzea da, inguruan bizi diren herritarrak eta bisitariak erakartzeko gune bat sortzeko, dauden enpresen jarduera ekonomikoa handitzeko eta turismoarekin, dibulgazio-jarduerarekin, hezkuntzarekin eta abarrekin lotutako jarduera berriak garatzeko oinarriak jartzeko. "Funtsean, Dolmenen Ibilbidearen proiektua lurralde-garapeneko proposamen bat da, batez ere ondare natural eta kultural batean oinarritzen dena". Proiektu honek eskualdean duen garrantzia Debabarreneko Turismoa Dinamizatzeko Eskualdeko Planak bermatzen du (2024), ardatz estrategikotzat jotzen baita.

Debegesak kudeatzen du proiektua, bai ekonomikoki, zein teknikoki, marketing-arloan eta dinamizazioan, parte hartzen duten hiru udalekin eta Debemenekin harreman estuan.
Horretarako, hiru Udalek urtean zenbateko bat jartzen dute hitzarmen honetan jasotako lankidetzaren ondorioz sortutako gastuak finantzatzen laguntzeko. 2022. eta 2023. urteetan, 7.000 euroko zenbatekoa ezarri dute udal eta urte bakoitzeko, proiektuaren jarraitutasunaren berme gisa. Bergarako Udalaren kasuan, Debegesako kide ez denez, eta 2022rako eta 2023rako teknikarien dedikazio-orduetan bere ekarpena gauzatu ezin duenez, urteko 2.000 euroko ekarpen ekonomikoa egingo du.

Ikus hemen Dolmenen Ibilbideari buruzko informazioa

2022 02 24 arribiribilleta dolmenen ibilbidea