Greban daude gaur Osakidetzako lehen arretan

Barren.eus 2022ko ots. 25a, 10:27

Elgoibarko anbulatorioko langileek bat egin dute SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek gaurko deitutako grebarekin, eta lehen arretako ia kontsulta guztiak etenda daude. Gaur larrialdiren bat izanez gero, Eibarko Torrekua zentrora edo Mendaroko Ospitalera joateko ohartarazi dute. 

 Protesta egunak dituzte Osakidetzan: SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, greba dute gaur lehen mailako arretan, eta astelehenean, berriz, osasun sistema publiko osoan egingo dute. Bihar, bestalde, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian, eguerdian. Lan baldintza kaskarrez eta Eusko Jaurlaritzaren «borondate politiko eskasaz» kexu dira langileak. Elgoibarko anbulatorioan ere bat egin dute greba deialdiarekin, eta zentrotik emandako datuen arabera, administrazioko langile guztiek egin dute greba. Erizain eta sendagileen artean badira deialdiari muzin egin eta lanean ari direnak, baina "gehiengoak" greba egin duela gaineratu dute. Gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, dena dela, eta jakinarazi dute gaur larrialdiren bat izanez gero, Eibarko Torrekua zentrora edo Mendaroko Ospitalera joan behar dela. 

Kokoteraino gaude lemapean ari dira protestan, eta beraien lan baldintzak hobetzea eskatzen dute. Besteak beste, soldatak eguneratzea, bajak lehen egunetik betetzea, jubilatzeko erraztasunak ematea eta kontziliazioa bultzatzea eskatzen dute. 

2022 02 25 greba lehen arreta2