Iosu Arraiz: “Erronka nagusia da errefus kopurua gutxitzea”

Barren.eus 2022ko ots. 25a, 15:05

Iosu Arraiz Aranburu jeltzalea (Elgoibar, 1991) 2019ko uztailaren 26tik da Debabarreneko Mankomunitateko presidentea. Hondakinen gaikako bilketa da bere ardura nagusietako bat. Azpimarratu du, kosta egiten den arren, apurka-apurka herritarrak ari direla ohiturak aldatzen.

 

 • Mankomunitatearen 15 milioi euroko aurrekontutik 9 milioi euro pasa bideratuko dituzue hiri-hondakinen bilketara. Zelan banatzen da herrika?
Mankomunitateak eskaintzen duen zerbitzua komuna da, ez da herrien arabera bereizten. 9 milioi euro horien barruan sartzen dira, besteak beste, inbertsioak. 2019tik 1,3 milioi euro bideratzen dira inbertsioetara, kale garbiketara, administraziora… Hondakin bilketarekin lotuta, aurtengo inbertsioak izango dira baliabideak berritzeko, iaz moduan: kamioiak, konpostagailuak, edukiontziak…

 • Lurrazpiko edukiontziak erretiratzen ari zarete, ezta?
Bai, iaz ordezkatu genituen lurrazpiko 52 edukiontzi lurrazalekoengatik. Egoera ikusita eta herritarrei sortzen zizkieten arazoak kontuan hartuta erabaki genuen aldatzea, gainera, mantentze-kostu altua dute. Bestalde, orain, lurrazalekoengatik aldatu ez diren lurpeko edukiontziak berritzen ari gara, egoera txarrean zeudenak eta hainbat arrazoirengatik lurrazalekoengatik aldatu ezin izan direnak. Elgoibarren hasi gara lanean eta berrituko ditugu Ermuan, Eibarren eta Mutrikun, guztira, 65 edukiontzi, urtea amaitu aurretik.

 • Bilketa selektiboaren datuen arabera, 2017tik (%48,88) 2018ra (%53,55) izan zen gaikako bilketan igoera nabarmenena; harrezkero, gutxiago igo da edo bere horretan mantendu da. Zein da helburua?
Igotzen joan da, batik bat, sisteman berrikuntzak sartu izan direnean, adibidez, organikoaren bilketa, errefusarena… Gero, egonkortu egin dira datuak. Hau sirimiria bezalakoa da; jendearen ohitura aldaketetan eragitea ez da batere erraza, poliki-poliki doa bustitzen eta ohitura berriak barneratzen. Hala ere, helburua da hazten segitzea. Ari gara sistema aztertzen, bilketa hobetzeko, herritarrei erraztasunak emateko eta eraginkorrago bilakatzeko. Dena den, oro har, datuek hobera egin dute eskualdeko herri guztietan. Gaikako bilketan %55 inguruan gaude eskualde mailan.

 • Zein kopuru nahi duzue lortu?
2020rako ezarrita zegoen gaika %40 batzea, hori gainditu egiten dugu. 2025erako %50a dago ezarrita. Hori ere bete dugu. 2030erako dugun helburua da %70erainoko gaikako bilketa lortzea.

 • Zer da gehien kostatzen dena?
Ontzi arinak batzea. Sortutako hondakinen artetik ontzi kopurua zenbatekoa den kontuan hartuta, gutxi batzen dugu. Azkenean, ia dena da plastikoa. Erronka nagusia, berriz, da errefus kopurua txikitzea.

 • Debagoienarekin konparatuz, adibidez, ia 20 puntu beherago dago Debabarrena (Debagoieneko gaikako bilketa da %74,54). Aztertu duzue arrazoia?
Eskualde bakoitzak bere garapena egin du hondakinen bilketan. Gipuzkoan daude batzuk guk baino gehiago biltzen dutenak eta beste batzuk gutxiago. Guk gure bidea dugu eta nahi dugu hor sakondu, herritarren, enpresen eta gizarteko beste kolektibo batzuen laguntzarekin. Nik uste dut sisteman baino, eragin behar dugula ohituretan.

 • Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, baxua da hemengo gaikako bilketa; berrerabiltzeko ohitura ere ez dago horren barneratuta… Kontzientziazio falta dago, akaso?
Iaz egin genuen kanpaina hondakin gutxiago sortzeko eta berrerabiltzeko… Uste dut bogan dagoela bigarren eskuko produktuak erostea, adibidez, Internetez. Herrietan ere bigarren eskuko gero eta azoka gehiago egiten dira. Nik esango nuke, orain arte bigarren eskuko arroparik –familiatik kanpokorik– ez genuela ia nahi eta orain gero eta gehiago erabiltzen edo erosten dela. Uste dut badagoela aldaketa. Konpondu, berrerabili eta bigarren eskukoak salerosi egin behar dira. Zenbat eta gutxiago sortu orduan eta gutxiago izango dugu gaika biltzeko. Gaika biltzea azken alternatiba da.