Azken egunotan emandako sexu erasoak salatu zituzten plazan

Barren.eus 2022ko mar. 2a, 10:30

Domekan Barakaldon eta astelehenean Tolosan emakume banak jasan zituzten sexu erasoak, eta Elgoibarren elkarretaratzea egin zuten atzo erasoak salatzeko.

 Lila Elgoibarko Emakumeen Etxetik deialdia egin zuten Barakaldon eta Tolosan azken egunotan izan diren sexu erasoen aurrean haserrea eta gaitzezpena adierazteko. Deialdiari erantzunez talde bat elkartu zen iluntzean Kalegoen plazan Emakumeenganako indarkeriarik ez! lelopean indarkeria matxista salatzeko.
Igande goizaldean emakume bat taldean bortxatu zuten eta Ertzainek eta Barakaldoko Udaltzainek 20 eta 23 urteko bi gizon atxilotu zituzten erasoa eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea egotzita eta astelehenean espetxeratu zituzten, hala ere, ikerketa oraindik zabalik dago.
Tolosako erasoa astelehen goizaldean izan zen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera "bide publikoan" eta kasu hau ere ikertzen ari dira.
Plazan ordu laurdeneko elkarretaratzea egin eta txaloka amaitu zuten protesta.