Honakoak dira adikzioen prebentziorako bigarren planaren bost ardatz estrategikoak:
- Osasunaren prebentzioa eta sustapena
- Eskaintza murriztea eta eskaintza/eskaria kontrolatzea
- Arreta soziosanitarioa eta gizarteratzea
- Ezagutzaren kudeaketa eta prestakuntza
- Koordinazio komunitarioa
Adikzioen aurka borrokatzeko eta herritarrei laguntzeko hogei programa eta jarduera bultzatu nahi dituzte plan honekin. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, “plan honen helburu nagusia kontsumoak eta portaerak prebenitzea da, gizarte osasuntsuagoa, osasungarriagoa eta bere osasun eta ongizateaz arduratzen dena lortzeko”.
• Diagnostikoaren emaitzak
2021ean egindako adikzioen diagnostikoaren arabera, gazteak 13 urte eta 5 hilabete dituztenean hasten dira alkohola kontsumitzen, tabakoa baino urtebete lehenago eta kanabisa baino hamabost hilabete lehenago. 10 gaztetik ia bik, gehiegi kontsumitzen dute alkohola (150 gr-tik gora alkohol puru edo bi botila ardoren alkohola, 15 garagardo edo 7.5 graduazio altuko konbinatuak). Gehien kontsumitzen diren legez kanpoko drogak kannabisa (10 gaztetik 1), kokaina (100etik 2) eta estasia (200etik 1) dira. Internetez kanpoko apustuak 10 gaztetik batek egiten ditu, eta bikoitza edo hirukoitza da gizonetan. Adin nagusikoei dagokionez 10 euskal herritarretik zazpik alkohola kontsumitu du azken hilabetean, % 22k egunero erretzen du tabakoa (emakumeen % 18k eta gizonezkoen % 25ek) eta % 5ek kanabisa kontsumitu du azken hilabetean.
Planak bultzatzen dituen 20 programek ikastetxeentzako prestakuntza eta dirulaguntzen ekimenak, gurasoentzako prestakuntza, aisialdiko programak eta jarduerak, zahartze osasungarriko programak eta ezagutza-ekimenak jasotzen dituzte, besteak beste.
- Irakurri hemen osorik, Elgoibarko Udalaren Adikzioen Prebentziorako II. Plana 2022-2026 -PDF-