Elgoibarko Udalak ‘Bizi-Bizixa’ bonu kanpaina berri bat jarri du abian, herriko merkataritza dinamizatzen eta biziberritzen jarraitzeko helburuarekin. 2022ko lehenengoa izango da, eta seigarrena, bonu kanpaina martxan jarri zutenetik. Kanpaina hau Udalak tokiko garapen ekonomikoa bultzatzeko ezarritako ildo estrategikoaren barruan kokatzen da, eta helburua da Elgoibarko enpresetan norberaren konturako langileen edo autonomoen galera ekonomikoaren egoera arintzea.
Merkatariek martxoaren 18ra arteko epea dute kanpaina honetan izena emateko. Eskabideak elektronikoki aurkeztu behar dira Elgoibarko Udalaren web atarian (www.elgoibar.eus), egoitza elektronikoaren bidez, diru-laguntzen atarira sartuta eta eskuragarri dagoen formularioa erabilita.
Kanpaina honetan 25.000 euro inbertituko ditu Udalak eta 3.300 merkataritza-bonu izango ditu. Herritarrek % 25eko deskontua izango dute egindako erosketetan. Aurreikuspenen arabera, bonuak apirilean egongo dira eskuragarri.
Bonuak erosketa egiten den unean bertan eskuratu behar dira establezimenduetan.
Atxikitako establezimenduetan egindako gastuak gutxienez 5 eurokoak eta gehienez 60 eurokoak izan daitezke.
Hauek izango dira deskontuak:
- 5 €-ko balioa duten erosketak, Udalak 1,25 €-ko diru-laguntza ematen du.
- 10 €-ko balio duten erosketak, Udalak 2,5 €-ko diru-laguntza ematen du.
- 20 €-ko balio duten erosketak, Udalak diruz laguntzen ditu 5 €.
- 30 €-ko balio duten erosketak, Udalak 7,5 €-ko diru-laguntza ematen du.
- 60 €-ko balioa duten erosketak, Udalak 15 €-ko diru-laguntza ematen du.
Bonuak 2022ko maiatzaren 13ra arte trukatu ahal izango dira atxikitako dendetan, betiere dendak egun horretara arte bonuak baditu eta merkataritza-establezimenduetan erabili ahal badira.