“Ni 1974an izan nintzan elkarteko presidente. Hori bai, aurretik elkartiak etaratako bonuak erosteko dirua ere ipini naban. Akorduan daukat nere ardura nagusixa ikastoliari lotuta egon zala. Oso gogorra izan zan sasoi haura. Arazuak izaten genduzen danian; dana zan kargia. Akordatzen naiz kotxia hartu eta maisu-maistra billa ere jardun gendula; andereñuak beren etxera junda fitxatzen genduzen. Eta ikastolako diru-kontuak eruateko sistemia ere ekarri naban geure taillarretik. Taillarreko langile fiñenetako bat ere, Marisabel Zabaleta, guretik etara eta Elgoibarko Izarran jarri gendun lanian. A, eta Aubixako lehenengo literak ere kamioian ekarri genduzen Santurtzira junda; gure taillarrian bertako langilliak txukundu eta Aubixara eruan genduzen”.
Manolo Zabalaren berbak dira. 2014an argitaratutako Euskaldunak Elgoibarren liburuan egin zioten elkarrizketatik atera ditugu. Elgoibarko Izarrari bere izate osoa eman ziola esan zuen Manolok. Behin gaixotu ere egin zela hainbeste lan eta ardurekin. Baina Elgoibarko Izarrak eman ere egin zion: “Satisfaziua! Gustoko lekuan eta herrixaren alde lan egitteko aukeria. Eta guk egindako lanak fruituak eman dittuala ikustiak poz haundixa ematen ditt”.
- Irakurri hemen osorik Manolo Zabalari Euskaldunak Elgoibarren liburuan eginiko elkarrizketa -PDF-