Kalean dauden animaliak jaso eta Eibarren kokatzen den Animalien Ongizaterako Zentrora eramaten ditu Debabarreneko Mankomunitateak. Kaleko animalien bilketa zerbitzu hori eskaintzearen tasa arautzen duen ordenantza onartu dute orain, kalean jasotzen diren animalien jabeek ordaindu beharreko tasak zehaztuz. Ordenantzaren arabera, zerbitzua erabiltzen duten herritarrek, zehaztutako tasak ordaindu beharko dituzte aurrerantzean: 50 euro bide publikoan utzitako animaliak jasotzeagatik eta Animalien Ongizaterako Zentroan harrera egiteagatik 12 euro eguneko.
Zerbitzuaren inguruko xehetasunak jakinarazi ditu Mankomunitateak. Kalean jasotzen diren animaliak Animalien Ongizaterako Zentrora eraman ostean, txosten bat betetzen dute datu guztiekin: kokapena, udalerria, data, espeziea, arraza, sexua, identifikazio zenbakia, osasun ebaluazioa eta albaitariaren sinadura. “Jasotako txakurrei eta katuei albaitaritza eta etologia tratamenduak ematen zaizkie zentrora iristean eta ahalik eta lasterren jakinaraztzen zaio jabeari animalia zentroko instalazioetan dagoela. Identifikatuta ez dauden animalien kasuan, zentrora sartzean identifikazio bat ezartzen zaie”, azaldu dute. Jabea agertzen denean animaliaren egoeraren inguruko informazioa ematen zaio eta, jabea dela frogatzen dutenean, ordenantzan araututako tasa ordaindu beharko du, eta, ordainketa egindakoan itzuliko zaio animalia. “Hilabete bateko epean jaberik agertzen ez bada, animalia adopzio programan sartuko da eta bere informazioa argitaratuko da Mankomunitatearen webgunean”, azaldu dute Mankomunitatetik.
Animaliak zentroan dauden bitartean, baldintza egokian daudela bermatzeen dutela azaldu dute, besteak beste, elikagaiak eta ura egunero jasotzen dituzte, instalazioen garbiketa eta desinfekzioa egiten dute baldintza higieniko eta sanitario egokiak mantentzen direla ziurtatzeko, txakurrekin paseoak, albaitaritza zerbitzua, gaixo edo zaurituta dauden animalien arreta berezia, etab.
Horrez gain, Mankomunitateak animalia hilak ere jasotzen ditu kaletik, hala nola, eskualdeko udalerrietako bide publikoetan egon daitezkeen txakurrak, katuak, usoak, arratoiak, ardiak eta abar.