Jakitera eman dutenez, tailer honen bidez elkar ulertzea izango da lehen pausoa. "Dinamika desberdinak eginez, autoezagutzaren bideari ekingo diogu, bakoitzaren osasun mentala hobetzeko helburuarekin. Osasun eta bizi-kalitate ona lortzeko, ezinbestekoa da norberaren burua gorputzaz gain zaintzen jakitea. Pixkanaka-pixkanaka, osasun mentalaren garrantziaz jabetzen ari da gizartea, eta bada garaia gaiari heltzeko", azaldu dute. Hitzaldia Aita Agirre Kulturgunean izango da, martxoaren 9an, eguaztena, 17:30ean.
- Hitzaldirako izen ematea irekita dago dagoeneko, eta datorren martxoaren 8a baino lehenago bete beharko da izena emateko formularioa.
Emoki elkarteko trebatzaile batek gidatuko du saioa. Elkarte honek bizitza afektibo-sexual osasuntsu eta kontzientea edukitzeko, kudeaketa emozional egokia izateko edota teknologia berrien erabilera osasuntsua sustatzeko formakuntzak, aholkularitza zerbitzua, sentsibilizazio kanpainak eta baliabide didaktikoak eskaintzen ditu.