Elgoibarko Udalak jakitera eman duenez, deskontu plan bat jarri dute abian herri barruk garraio zerbitzuaren prezioa bateratzeko. Hala, diru-laguntza bidez, tarifa bateratu egin dute udalerri barruan egiten diren bidaia guztietarako, erabiltzen den garraio modalitatea edozein dela ere.
Diru-laguntza honen helburua erdigunetik urrun dauden auzoetan (Sigma, San Pedro, San Antolin, Arriaga, Altzola) bizi diren edo joan behar duten Elgoibarko herritarrek garraio publikoa erabiltzen dutenenei erraztasuna ematea dela argitu dute.
Elgoibarko herritarrek MUGI txartel pertsonalizatua erabiliz Lurraldebuseko autobusetan edo Euskotreneko trenetan egindako bidaiei dagozkien gastuak partzialki finantzatuko ditu Udalak, Elgoibarko udalerrian dauden geltokien artean. Laguntza jasotzeko baldintza da, erabiltzaileak herriko geralekuetan igo eta jaitsi behar direla.
Diruz laguntzeko moduko bidaiak izango dira MUGI txartel pertsonalizatua dutenak. Diru-laguntzaren zenbatekoa zenbateko finko bat izango da bidaia bakoitzeko, onuradunak hilero egiten duen bidaia-kopuruaren arabera:
Familia ugariko gazteen kasuan (Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren irizpideen arabera), 3. tarteko bidaiak ez dira diruz lagunduko, bidaia horiek doakoak baitira.
Ordainketak zuzenean egingo dira onuradunak eskabide-inprimakian adierazitako kontu korrontera egindako banku-transferentziaren bidez. Diru-laguntza dagokion hiruhilekoa igaro ondoren ordainduko da, urtean lau alditan.
Udal Gobernuak nabarmendu du garraio publikoaren modalitate guztietan tarifak parekatzea “zerbitzua bera erakargarriagoa eta eskuragarriagoa izatearen aldeko apustua da. Horrek dakarren guztiarekin: mugikortasunaren ondorioz CO2 gutxiago isurtzea, ingurumenaren eta haren babesaren aldeko apustua egitea eta urratsak ematea kohesio sozialean”.
• Diru-laguntza eskaerak aurkezteko epea zabalik
Elgoibarren erroldatuta dauden eta MUGI txartel pertsonalizatua duten edozein adineko pertsona fisikoak izan daitezke laguntzen onuradunak, baldin eta Gipuzkoako Foru Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Elgoibarko Udalarekiko zerga-betebeharrak egunean badituzte.
Eskabideak eskabide-eredua beteta aurkeztu beharko dira, eskatzailearen NANaren edo bizileku-txartelaren fotokopiarekin, MUGI txartel pertsonalizatuaren fotokopiarekin eta Elgoibarko Udalari baimena emateko agiriarekin batera, eskatzaileak Lurraldebusen autobusetan eta Euskotrenen trenetan egindako bidaiei buruzko datuak eska diezazkion Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari.
Epea 2022ko azaroaren 30era arte egongo da zabalik. Eskaerak elektronikoki aurkez daitezke Elgoibarko Udalaren web orriko herritarren atarian. Salbuespen gisa, HAZen (Santa Ana 2).
Gipuzkoako Aldizkari Ofizalean argitaratutako iragarkia -PDF-